Getxoko Folk Jaialdiaren 38. edizioa ospatuko da bihartik igandera, irailaren 14tik 18ra, eta kontzertu nagusietan emakumeen protagonismoa nabarmenduko da, hala nola Tanxugueiras, Enredadas (Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira biltzen duen proiektua) eta María Arnal i Marcel Bagés talde eta artistekin.
Gainera, Ana Alcaidek eta Neomak ahots taldeak ere parte hartuko dute. Jaialdiak 13 emanaldi izango ditu guztira eta horietako zortzi Algortako Portu Zaharrean izango dira, aire zabaleko eskaintza berreskuratuko baita. Ordainpeko kontzertuak, iaz bezala, Muxikebarri zentroan egingo dira eta sarrerak salgai daude Getxoko Kultur Etxearen ohiko saltokietan. Antolakuntzak jakinarazi duenez, kontzertu nagusietan (Muxikebarri, 20:00), jaialdiaren helburua da folkera beste soinu batzuetatik hurbiltzea, artista belaunaldi berrien aldeko apustua eginez.
Horrela, bihar, hilaren 14an, Getxo Folk jaialdia Ana Alcaide nyckelharpista madrildarraren saioa eskainiko du. ‘Ritual’ aurkeztuko du, “harmonia eta sotiltasuna uztartzen eta tradizioa begirada garaikide batetik babesten duten doinuak biltzen dituen” diskoa. Ostegunean, irailaren 15ean, Tanxugueiras arituko da, “Galiziako sustraiko soinuak trap edo musika elektronikoa bezalako egungo erritmo eta joerekin uztartuz berrikuntza eta abangoardia irudikatzen dituen hirukotea”. Ostiralean, hilaren 16an, Getxo Folk jaialdiak Enredadas proiektua hartuko du, tradiziozko herri generoak beste estilo batzuekin uztartu dituzten lau artista handik osatutako taldea: Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira. ‘Coplas e alalás’ ikuskizuna aurkeztuko dute, Sérgio Tannus eta Marcos Teiraren gitarrek lagunduta, genero eta estilo ezberdinak batzeko.
Larunbatean, irailaren 17an, Maria Arnal i Marcel Bagés bikote katalana izango da Muxikebarrin. Badalonako abeslariak eta Flixeko gitarristak herri musikaren transmisio katearekin jarraitzen dute ahalik eta modurik onenean: bere abesti propioak sortuz. Getxon ‘Clamor’ bigarren diskoko kantuak aurkeztuko dituzte David Soler gitarra jotzaileak lagunduta.
Azkenik, Getxo Folk jaialdiaren aurtengo edizioa Neomak taldearen ahotsekin amaituko da igandean, hilaren 18an. Taldeak tradiziotik edaten du eta, aldi berean, tradizioaren irakurketa modernoa proposatzen du, eszenaratze berritzaile batekin. Kepa Junkerarekin Sorginak izenarekin aritu ondoren, proiektu berri bati ekingo diote, ‘Ilargi berriak’, ahots musika eta musika elektronikoa perkusioekin eta trikitiarekin bateratzen dituena.
PORTU ZAHARRA
Bestalde, Algortako Portu Zaharreko saioak 18:00etan eta 23:00etan izango dira. Azken horietan, jaialdiak jai giroa sustatzeko asmoa du Gozategi (hilaren 16an) eta Buhos (17an) taldeekin. Gozategiren kasuan, gainera, euskal bandak 30. urteurrena ospatuko du. Halaber, ez dira faltako familientzako kontzertuak ere, 17 eta 18an 12:00etan. Getxo Folk jaialdiaren proposamen musikala ‘Nor da Maurizia’ hezkuntza proiektuarekin osatuko da. Getxoko Musika Eskolarekin elkarlanean garatu da eta bertako ikastetxeetako ikasleei musika hurbilduko die. Azkenik, bertoko trikitixa, txistu eta alboka taldeak, Agurra Dantza Taldearekin batera, kaleak alaituko dituzte beren desfileekin.