Euskadiko gazteek ez dute konfiantzarik beren etorkizunean

Euskadiko gazteek oraina nola ikusten duten eta epe laburrera zer itxaropen dituzten jakiteko asmoz Gazteen Euskal Behatokiak egindako azterlanaren arabera, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen konfiantza-indizea 61 puntukoa izan zen iaz, 100 puntutik. Hori da daturik txarrena duela bederatzi urte azterlan hau egiten hasi zirenetik. Ikerketa hori joan den abenduan egin zen, eta euskal gazteen hamar balorazio-adierazleak eta etorkizunerako itxaropenak eguneratzea zuen helburu. Ikerketa egiteko, 4.000 inkesta egin ziren online, eta horien osagarri, elkarrizketa sakonak egin zitzaizkien hainbat gazteri. Gazte horiek beren kezkei, egoeraren bilakaerari, inguruko gazteekiko konparazioei eta etorkizuneko itxaropenei buruz hausnartu zuten, bai eta horiek arrazoitu ere.

Lortutako emaitzen artean, nabarmendu behar da pandemiak eta pandemiak eragindako egoera guztiak eragin negatiboa izan duela euskal gazteek beren etorkizunari buruz duten pertzepzioan. Gogobetetasun pertsonalaren atalak erakusten duenez, 2020an pandemia hasi zenetik eta 2021ean izan dituen ondorioetatik, serieko puntuaziorik txarrenak jaso ditu, 74koa eta 73koa, hurrenez hurren, 100etik. Gainera, gazteen gaitasunekiko konfiantza-indizeak, elkarrizketatutako pertsonek zortzi arlotan ematen duten batez besteko puntuazioa adierazten duenak (lanerako gaitasuna, erantzukizuna, prestakuntza, parte-hartzea, espiritu ekintzailea, idealismoa, autonomia eta elkartasuna), 2013tik izandako emaitzarik txarrena lortu du; 2021ean, 64 puntukoa da, 100 puntutik.

Egoera pertsonalaren bilakaerari buruzko itxaropenak ere, oro har gazteriari eta Euskadiri dagokienez, bost urteko epean –ordutik aurrera kalkulatzen baita etorkizuneko konfiantza-indizea– okertu egin dira, eta 2021ean lortutako emaitza, 100etik 61 puntukoa, serieko txarrena izatea eragin dute.

Bestalde, gazteek egungo uneari buruz egiten duten balorazioa nabarmen jaitsi zen 2020an (64 puntu 100 puntutik, eta 70 puntu 2019an), baina 2021ean puntu bat gehiago galdu du, eta 63 puntuan geratu da 100etik.

Egindako ikasketekin bat datorren lana

Enpleguari dagokionez, egoeraren pertzepzioa hobea da; izan ere, lanean ari diren gazteek enplegua galtzeko edo lan-baldintzak okertzeko duten arriskua sei puntu jaitsi da; 2020koa % 48 izan zen, 2021ekoa, berriz, % 42. Gainera, 2021ean, langabezian zeuden gazteen % 62k espero zuten urtebetean enplegua aurkitzea, eta ehuneko hori 64koa zen 2020an. Baina datu hori 2019an erregistratutakoarekin alderatzen badugu, urte horretan enplegua berreskuratzeak 2013tik emaitzarik onena lortu baitzuen (% 92), jaitsiera 30 puntukoa da.

Bestalde, ikasketak amaitzean beren prestakuntzarekin bat datorren enplegua lortzeko itxaropena azken urteetako kopuruetan mantentzen da, nahiz eta 2020. urtearekin alderatuta bi puntu galdu. 2021ean, hamar ikasletik zazpik uste zuten ikasketekin bat datorren lan bat aurkituko zutela ikasketak amaitzean (% 74), 2019an edo 2017an izandako ehuneko bera, eta 2013ko % 46a baino askoz handiagoa.

Hobera egin duen beste datu bat atzerrira derrigorrez emigratu beharraren aurreikuspena da, iaz serieko mailarik baxuenera iritsi baitzen. Gazteen % 8k soilik uste dute etorkizunean atzerrira joan beharko dutela, hala nahi gabe, eta 2013an, berriz, % 16k.

Bestalde, euskal gazteen emantzipazio- itxaropenei dagokienez, urtebeteko epean beren kontura bizi nahiko luketen eta horretarako aukerarik izango ez dutela uste duten gazteen ehunekoa ia ez da aldatu 2020tik; orduan % 41ekoa zen, eta 2021ean % 42koa.