Magali ez dago bakarrik

Liburuak gaur egun puri-purian dagoen gai bat jorratu du: emakumeen kontrako sexu-erasoen plaga. Gure herrietan, gure kaleetan, bizitzen ari garen drama. Egun zailak bizitzen ari dira Bergarako institutuan, egun ilunak, egun korapilatsuak. Duela hamabost egun, bertako bi ikasle gertakari tamalgarri batean nahastu ziren, biolentzia irrazionalaren atzapar zikinetan murgilduz. Geroztik, giroa endredatu samar dago: bai eskolan, bai herrian, eta, oro har, baita Debagoiena bailara osoan ere. Edozein indarkeria mota da mingarria. Baina indarkeria hori neska-mutil gazteen aurka erabiltzen denean, are kaltegarriagoa da, eta gizarteak irmo erantzun behar du ezetz.