Opor alternatiboak, ikasten jarraitzeko beste aukera

Eskaintza turistikoak berrasmatu egiten dira, eta, horiekin, sentsazio eta abentura berriak esperimentatzeko aukerak. Duela urte batzuetatik hona, eta pandemia osteko garaiak areagotuta, eskaintza turistikoak dibertsifikatu eta egokitu egin dira gizartearen eskaera berrietara, eta aukera ugari eskaintzen dituzte, batzuk benetan bitxiak, asteburu edo oporraldi original eta desberdin batez gozatzeko. Helburua oporrak ahalik eta gehien aprobetxatzea da, abentura berriak biziz eta sen­tsazio original eta dibertigarriak biziz, betiko errutina berean ez eror­tzeko. Uda hau une aproposa da harrituko gaituzten tokiak ezagutzeko, pertsona bakoi­tzari eta poltsiko bakoitzari egokitutako opor original eta alternatiboez gozatzeko.

Ohiko oporrekin nekatuta bazaude eta opor desberdinez gozatu nahi baduzu, esperientzia berezi eta paregabeak biziz, hemen ideia batzuk proposatzen dizkizugu, inoiz ahaztuko ez duzun uda berezi batez gozatzeko.

Erronka enigmatikoa
Misteriozko oporrak dira. Iraupena asteburu batekoa edo gehiagokoa izan daiteke, eta ematen dizkizuten pistekin probak gainditu behar dituzu.
“Scape room” bat bezalakoa da, baina handia. Ekitaldiaren aste berera arte, ez dakizu ezer erronkaz, ez eta zertaz doan ere, ez eta Madrilen, Bartzelonan, Valentzian edo Toledon egin daitezkeen jardueren lekua zein izango den ere.
Gertaera baino egun batzuk lehenago, pista batzuk jasoko dituzu, helmuga horretara eramango zaituztenak. Behin enigma hasiz gero, egunean zehar planteatuko zaizkizun hainbat erronka gainditu beharko dituzu, jolas guztiak osorik gainditzea lortu arte. Leku batetik bestera joateko, hainbat modutan jasoko dituzu jarraibideak, harik eta misterioa argitu arte. Azkeneraino iristeko gai izango zara?

Donejakue Bidea
Sarriatik Santiago de Compostelako katedralera arte, egunean 20 edo 30 kilometro inguruko 5 etapatan. Maila ertaineko ibilbidea da, bideak dituen igoera eta jaitsierengatik, eta mentalki eta fisikoki zertxobait prestatuta egon behar da. Ibilbide hau ikusgarria da paisaiengatik, herrixkengatik eta naturaren xarma guztia duten lekuengatik. Bidea erabat markatuta dago; beraz, ez dago galtzerik. Bidean zehar jende asko ezagutuko duzu, paisaiak izugarriak dira, eta aterpetxeek atseden hartzeko aukera emango dizute oso diru gutxiren truke. Esperientzia ahaztezina eta oso gomendagarria da; bizitza osoan gogoratuko duzu; beraz, “Bide on”­­­­.

Yoga erretiroa eta meditazioa
Mota honetako bidaia baten helburu nagusia da deskonektatzea eta zeure burua edo garatu nahi duzun ezaugarriren bat aurkitzea. Oporrek gorputza eta burua deskantsatzeko balio behar dute. Edo, behintzat, bietako bat. Azken helburua egoera mentala erabat berritzea da, gure eguneroko errutinari aurre egiteko, erabat berrituta. Horren onurak anitzak dira, gure adimena eta gorputza modu sakon eta lasaigarrian asetzen baitute. Zure konpainia bakarra isiltasuna eta meditazioa den komentu edo abadia batera erretiro-bidaia bat egiteak zure osasun mental eta fisikorako onura ugari ekarriko dizkizu.

Kobazulo batean lo egin
Sinesgaitza dirudien arren, bezeroak horrelako aztarnategietan lo egiten duen ‘hotel’ kontzeptua existitzen da. Hori bai, erabat baldintzatuta, modernitatearen xehetasun bakar bat ere falta ez dadin. Barrunbe hauek ohiz kanpoko ostatuak eskaintzen dituzte zure oporrak guztiz ezberdinak izan daitezen. Horietako asko, ekoturismo terminoaren barruan, ingurune naturalaz inoiz ez bezala gozatzeko aukerarekin.

“Champing” edo eliza batean lo egin eta hilerria bisitatu
Turismo espiritualaren joera berria, azken urteetan puri-purian dagoena. Opor mota hau eliza edo kapera batean gau bat edo bi igarotzea da, herria eta inguruak ezagutzea, eta, behin ezagututa, inguruko beste herri batzuetan ere gauza bera egitea, elizetan edo komentuetan gaua igarotzeko aukera emanez. Bisita gidatua balitz bezala, eliza batzuetan aukera dago inguruko historialari batek taldearekin bat egiteko, eta bertako kondairei eta gertaera historikoei buruzko istorioak kontatzeko. Aukerako beste jarduera batzuk ere badaude, esaterako, kanposantuan gertatutako mamu eta misterioen istorioak kontatzen diren bitartean, gau erdian hilerritik paseatzea.

Zure oporrak zuhaitz batean gozatu
Nork ez du inoiz amets egin zuhaitz batean etxe bat izatearekin? Hiriko zaratatik urrun, naturan integratuta eta isiltasun atsegin batean murgildurik, zaratatik eta hiritik urrun dauden egun batzuez gozatu ahal izango duzu…
Ostatu hobea hartzea bururatzen zaizu? Espainian etxolen sektorean aritzen diren hainbat enpresa aurki ditzakezu, hala nola Ultzama bailaran dagoena, Nafarroan. Etxe hauek daukaten gauzarik onena da intimitatea erabatekoa dela. Zuhaitza zuekin partekatuko duten txoriek bakarrik begiratuko zaituztete. Zuhaitzetan txabolak dituzten konplexuetako asko etxeak elkarrengandik urrun egoteko moduan diseinatuta daude, naturarekin kontaktu betean lo egiteko esperientzia areagotzeko eta mundutarrengandik deskonektatzeko esperientzia paregabea lortzeko.

Oporrak landetxe batean
Landa-turismoa oso esperientzia gomendagarria da. Desazeleratzeko aukera ematen dizu, hiriko bizitzaren abiadura jaisteko, egunerokoa ez den beste ingurune batekin harremanetan jartzeko. Bidezidorretatik eta paisaia paregabeetatik ibiltzea. Egunerokotasunetik atseden hartzea. Baserriko eta bertako animalien bizitza ezagutzea. Egunsentian oilarrari entzutea, ira­tzargailuaren alarmaren ordez. Aire garbia eta osasuntsua arnastea. Bai Euskadin, bai estatuko gainerako lekuetan, herri txikietako edo landa-establezimenduetako biztanleek daramaten bizitza errealera hurbilarazten diguten landetxe ugari daude. Baratzea lantzea, behiak, ardiak edo oiloak zaintzea, ogia egitea, uzta biltzea eta beste lan asko egitea… asteburuko ihesaldi bat edo opor batzuk oroitzapen ahaztezin bihur dezakete.