Irailaren 7tik 10era bitartean Deban ospatuko den Animadeba Nazioarteko Zinemaldiak omenaldia egingo dio animaziozko euskal zinemak bete duen mende erdiari. Herrialdeko lehen animazio-piezak Gaur Taldeari lotuta daude. Izan ere, diziplina honetan egindako lehen film laburra, De la luna a Euskadi, José Antonio Sistiagak egin zuen eta 1968an estreinatu zen.
Hala ere, lan hori galduta dago. Horregatik erabaki du beste film labur bat proiektatzea: Homenaje a Tarzán, 1970ean estreinatu eta artistak zeluloidearen gainean margotu zuen Rafael Ruiz Balerdik egin zuen lan zinematografiko bakarra. Horri 1970 eta 2020 artean estreinatutako beste 16 film labur gehituko zaizkio, Animadebak diziplina honetako aitzindariak gogorarazteko. Besteak beste, hauek izango dira ikusgai: Juanba Berasategiren Kukubiltxo (1983), Bego Vicarioren Zureganako grina (1996), Izebene Oñederraren Hezurbeltzak, Angel Aldarondoren Hondar Ahoak (2010) eta Jon Garañoren Urrezko Eraztuna (2011). Halaber, Donostia Kulturaren Argi Artean ekimenaren barruan, Animadebak animazio esperimentaleko euskal zinemako piezak erakutsiko ditu.
Animadeba: ‘Work in progress’
Animadebaren alderdirik garrantzitsuenetako bat, lehiaketaz eta erakusketaz gain, work in progress lanei eskainitakoa da. Oraingo honetan 16 proiektu lehiatuko dira 1.500 euroko diruzko saria lortzeko, film laburraren ekoizpenean laguntzeko pentsatuak. Gainera, jaialdiak nobedade bat izango du, Talentu Berriak izeneko sail bat, non errealizadoreek 15 minutuko pitching bati aurre egingo dioten beren proposamena epaimahai baten aurrean defendatzeko.
Halaber, Animadebak Case studio izeneko sail bat estreinatuko du, non hiru film luze eta making of bat aztertuko diren: Aitor Oñederrak Lur azpian lore aurkeztuko du; Alberto Vazquezek, Unicorn Wars; Isabel Herguerak, El sueño de la sultana; eta Fermin Muguruzak Black is Beltza II: Ainhoa filmaren making of-a erakutsiko du Zinemaldian estreinatu aurretik.