Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin dute. Oraingo ikasturtean (2022-2023) euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailetik aurrera, eta horretarako, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.
Jon Insausti Euskarako eta Kulturako zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Insaustik adierazi duenez, kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen du mezua, eta “horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.
Halaber, gaineratu du “aurten, Euskaraldiaren urtea izanik, bereziki egiten diegula dei donostiarrei euskarara hurbil daitezen eta hizkuntza ikas dezaten”.
ESKAINTZA ZABALA ETA BEHAR GUZTIETARA EGOKITUA
Ikastaro eskaintza zabala du kanpainak. Hasteko, ikasturte osoan zehar ematen diren euskara ikastaro arruntak eskaintzen ditu, eta herritarren beharretara egokitzen dira ordutegiak. Izan ere, astean maiztasun eta ordu gutxiko ikastaroak zein eguneko 3 eta 5 orduko intentsiboak daude eskuragarri.
Bestalde, autoikaskuntzako ikastaroak ematen jarraituko dute euskaltegiek. Online ikastaroak emateko programak dira, eta ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta nahi duen ordutegian. Horri zenbait tutoretza edo mintza-saio gehitzen zaizkio, Donostiako Udalak adierazi duenez. Ikastaro horiez gain, xede berezia duten taldeentzako egokitutakoak ere daude.
Talde desberdinen behar komunikatiboetara egokitutako ikastaroak dira hauek eta euskaltegiek eta Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dituzte. Hona hemen ikastaroen zerrenda: – Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaroak: hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioekin batera, aipatutako gremioetako profesionalentzat antolatzen diren ikastaro espezifikoak dira.
Izena emateko epea abuztuaren 29tik irailaren 16ra bitarte da, eta ikastaroak urrian hasiko dira. – Langabeentzako euskara ikastaroak: langabezian dauden donostiarrei zuzendutakoak, doan. Izena emateko epea irailaren 1etik 23ra bitarte. Ikastaroa urriaren 5etik abenduaren 2ra izango da, egunero 3 orduz. – Gazteei (16-18 urte) zuzendutako ikastaroak: batez ere uda partean eskaintzen dira, hezkuntza sistemaren ikasketa prozesuan euskara gaitasuna hobetu behar dutenentzat. – Gurasoentzako euskara ikastaroak: ikastaro hauen helburua da 2-12 urte bitarteko haurrak dituzten guraso erdaldunak euskarara hurbiltzea, eta guraso euskaldunei hizkuntza gaitasuna hobetzeko aukera ematea. Izena ikastetxeetan ematen da eta ikastaroak ikastetxean edo euskaltegian izan daitezke. – Erretiratuentzako euskara ikastaroak: euskaltegian edo erretiratuen egoitzetan eskaintzen dira. – Atzerritarrentzako euskara ikastaroak, AISA ikastaroak: euskara ikasteko oinarri-oinarrizko ikastaroak dira, euskararekin lehenengo harremana edukitzeko, ikasleari komunikaziorako oinarrizko baliabideak (agurrak, zenbakiak eta abar) eskaintzeko eta gure gizartea eta kultura hobeto ezagutzeko.