22 lanek hartuko dute parte Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean

Zabaltegi-Tabakalera sailak hainbat zinema-jaialditatik –hala nola Berlin, Cannes, Jeonju, Locarno, Rotterdam, Sundance eta Venezia– datozen obren hautaketa bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizio honetan. Lehiazko sail irekienean (izan ere, ez du estilo- edo denbora-mugarik), Santiago Lozak mundu-estreinaldi gisa erakutsiko digu lan berria Ruth Beckermann, Lee Chang-dong, Bi Gan, Natalia López Gallardo eta Hlynur Pálmason zinemagileekin batera. Sailean, eta beste film bat gehitzeke geratzen dela, oraingoz 22 lanek hartuko dute parte: 13 film luzek, zortzi film laburrek eta film ertain batek.

Zinema Eraikitzen ekimenean eta Koprodukzio Foroan hainbat proiektu aurkeztu eta Horizontes Latinos sailean parte hartu ondoren, Santiago Loza argentinarra (Córdoba, 1971) Amigas en un camino de campo / Friends on a Country Road film luzearen mundu-estreinaldiarekin itzuliko da Zinemaldira, eta adiskidetasunari, denboraren iragaiteari eta absentziari buruzko istorio bat kontatuko digu pelikula horretan.

Ruth Beckermann (Viena, 1952) zinemagile austriarrak Josefine Mutzenbacher (1906) eleberri erotikorako hurbilketa garaikide bat egin du Mutzenbacher bere film luze berriaren medioz. Berlinaleko Encounters sailean film onenaren saria irabazi zuen egilearen lan berriak.

Laura Citarella argentinarraren (La Plata, 1981) lan berria Trenque Lauquen da, Veneziako Orizzonti sailean parte hartuko duen filma, bi zatitan banatua (edo saga bat osatzen duten bi film), emakume baten desagerpen misteriotsutik abiatzen dena.