‘EmpleArte’ proiektuan aurreinskripzioa egiteko epea zabalik dago

Zabalik dago ‘EmpleArte’ proiektuaren edizio berrian aurreinskripzioa egiteko epea Bilbon. Lan orientazioko programa horren helburua da iraupen luzeko langabeen enplagagarritasuna hobetzea.

Erabat doakoa izango da, eta parte hartu nahi dutenek irailaren 23ra arte daukate aurreinskripzioa egiteko, ondorengo webgunean: https://www.emple-arte.org/es. Proiektua DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak eta Europako Gizarte Funtsak POISES programa operatiboaren barruan -lehentasunezko 6. ardatza- finantzatua da, eta Santa María La Real Fundazioak sustatu eta kudeatzen du.

Online formatua izango du, eta parte-hartzaileek saio birtualak izango dituzte astean zehar, enplegu-bilaketa modu sortzaile eta berritzailean berraktibatzeko. Bertan, aholkuak jasoko dituzte fundazioko espezialisten eskutik, enplegu taldean biltzeko modu berri bat sustatzeko, zer helburu profesional duten zehazteko eta enplegurako gaitasun orokorrak eta trebetasun digitalak indartzeko.

Enplegua bilatzeko jarduera guztietan sormena bultzatuko da, eta horretarako, curriculum berritzaile bat sortu, enplegurako tresna digitalak eguneratu edota elkarrizketetan hobetzeko trebetasunak entrenatuko dira. ‘EmpleArte’ irailaren amaieran hasi eta azaroaren amaierara arte egongo da martxan. Iraupen luzeko langabeek parte hartu ahal izango dute, 18 eta 60 urte bitartekoek. Edozein ikasketa-maila izan dezakete (ikasketarik ez, DBH, Lanbide Heziketa, Batxilergoa, unibertsitate-gradua, etab.) eta edozein lan-sektoretakoak.

Natalia Serrano Santa María la Real Fundazioko Enplegurako eta Gizarteratzeko zuzendariak azaldu duenez, “langabezia kroniko bihurtzen denean, beharrezkoak dira berrikuntza eta estrategia berriak. EmpleArte sortu dugu iraupen luzeko langabeei enplegu-bilaketa berri bat sustatzen laguntzeko, prozesu hori sormen eta ilusioz betetako erronka gisa bizi dezaten. Taldean lan egiten dute, ilusioa berreskuratzen dute, enplegurako gaitasunak eta trebetasunak hobetzen dituzte eta beren bertsiorik onena erakusten diete enpresei, modu berritzailean”.