Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da, Shanghai-ko rankingaren edizio berrian . Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Euskal unibertsitate publikoa duela hamar urte sartu zen sailkapen honetan, orduan 500 unibertsitate onenen artean sailkatu zen, eta orain 400 onenen artean dago. Estatu espainiarreko zortzi unibertsitate baino ez daude hautatutako 400 unibertsitateen talde horretan.
“Munduko 400 unibertsitate onenen artean egoteak arrakasta izaten jarraitzen du: Euskal Herriko Unibertsitateak ikusgarritasun handiagoa eta ospe bikaina lortzen du nazioartean. Zoriontsu egoteko modukoa da lorpena, bai, duela gutxi jakinarazi genuenez, zazpi espezialitate baititugu munduko lehen 200 unibertsitateen artean. Horregatik guztiagatik, gure unibertsitateko kide guztiak zoriondu nahi ditut, unibertsitatea proiektu kolektibo bat delako eta bere lorpenak guztionak direlako”, adierazi du UPV/EHUko errektoreak, Eva Ferreirak.
Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.
Harvard, Stanford eta MIT (Massachusetts Institute of Technology) dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta beste biak Cambridgekoaz eta Oxford unibertsitate britainiarrek.
Euskal Herriko Unibersitatea ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.
Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 1.300 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira, eta 500 argitaratu.
Espezialitateen araberako sailkapena
Espezialitateei dagokienez, edizio honetan, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 150 unibertsitate onenen artean kokatu da hiru espezialitate: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika; eta 200 onenen artean, beste lautan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Matematika. Azken espezialitate horrekin, bada, aurton, euskal unibertsitate publikoak zazpi espezialitate ditu talde bikain horretan (iaz sei zituen).
Espezialitate aipagarri horiez gainera, euskal unibertsitate publikoak postu onak lortu ditu ere beste espezialitate batzuetan: Telekomunikazioetako Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Farmazia eta Zientzia Farmazeutikoak, eta Komunikazioa (munduko 300 unibertsitate onenen artean); beste 12 espezialitate (Fisika, Nekazaritzako Zientziak, Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Zientzia Biologikoak, Osasun Publikoa, Zientzia Politikoak, Informatika Ingeniaritza, Ekologia, Ekonomia eta Psikologia) 400 onenen artea; eta beste lau (Hezkuntza, Lurraren Zientziak, Zientzia Biomedikoak, eta Kudeaketa 500 onenen artean.