Ibilaldi neurtua eta mendi maratoia izango dira Mendatan

Mota guztietako mendizaleentzat diseinatutako eguna izango da Mendatan datorren irailaren 4an. Izan ere, eskualdekoan ospe nabarmena dute Mendata Ezagutuz izenburupeko ibilaldi neurtuaren XXI. edizioa eta XVI. mendi maratoia ospatuko dira. “Izena emoteko epea zabalik dago interesatu guztientzat abuztuaren 31ra arte”, aurreratu dutenez.

“Duda barik, Mendatako proba eskualdeko garrantzitsuena da. Gure mendi martxaren antolaketan aitzindariak gara eta bere arrakasta herri osoaren arrakasta da, proban buru-belarri murgiltzen dena”, azaldu du Joseba Mallea alkateak. “Iraila hilabete garrantzitsua da guretzat, eta martxa da aurreikusita ditugun ekitaldi guztien abiapuntua, nekazaritza azoka eta San Migel jaiak, honen kasu”, gaineratu du.

Mendiko probei dagozkienez, ibilaldi neurtuak XXI. edizioa beteko du eta zailtasunaren araberako hainbat ibilbide izango ditu. Ibilaldi laburra, 9 kilometrokoa, 2-3 orduko iraupenekoa eta ibilbidean zehar bi hornidura-puntu izango ditu. Ibilaldi ertainak, 21 kilometrokoa, 3-5 orduko iraupenekoa da eta hiru hornidura-puntu izango ditu; eta luzea, azkenik, 37 kilometrokoa, 7-9 orduko iraupenekoa eta sei hornidura-puntu. “Ibilaldi ertain eta luzeen irteera 8:00etan izango da eta laburrak 9:30etan izango du irteera”, nabarmendu dutenaren arabera.

Bestetik, mendi maratoiari dagokionez, aurton XVI. edizioa beteko da eta helburua 42,195km 4-5 ordutan egitea da. Probaren irteera 9:00etan izango da Elexaldetik eta zazpi hornidura gune eta 4 kontrol izango ditu. Proba guzti hauetan librea da partaidetza, nahiz eta gehienez 500 lagun izango diren. Azkenik, “parte-hartzaile guztiek kamiseta baterako %50eko deskontu-txartela izango dute”. Informazio gehiagorako www.mendataezagutuz.net webgunera jo beharko da.