Manu Brabo fotokazetariaren “Black Butterflies” erakusketa Gasteizen

Gasteiz hiribidean, Europa Jauregiaren kanpoaldean, Manu Brabo fotokazetari espainiarraren Black Butterflies argazki-erakusketa dago ikusgai. Mundu osoko arazo sozialak islatzen ditu haren lanetan.

Borrokaldietan zehar erretzen diren etxeetatik irteten diren errautsei deitzen diete soldaduek Black Butterflies (tximeleta beltzak). Irailaren 4ra arte ikusgai egongo da erakusketa, abuztuaren 29tik irailaren 2ra arte Gasteizen egingo den ‘Kazetaritza, bertatik bertara’ jardunaldiaren VIII. edizioaren barruan; kazetaritzako gaurkotasunari buruzkoa da jardunaldia, eta hitzaldiak, zinema eta gaur martxan jarritako erakusketa ikusteko bisita gidatuak ekarriko ditu hirira.

2007az geroztik, hondamendi naturalen, aldaketa politikoen, altxamenduen, iraultzen eta gerren inpaktuaren gainean ari da lanean Manu Brabo, hala nola herrialde hauetan: Honduras, El Salvador, Haiti, Bolivia, Kosovo, Libia, Egipto, Siria eta Ukraina, besteak beste.

Fotokazetari honek sari eta aitorpen ugari jaso ditu. Esaterako, 2013an Pulitzer saria eman zioten Breaking News Photography kategorian, Siriako gerran Associated Press agentziarekin batera egindako lanagatik.