Leirera itzuliko da Musika Hamabostaldia abuztuaren 13an

83. Donostiako Musika Hamabostaldian Leireko Monasterioa (Leire) jaialdiko Musika Aitzaki ziklo ibiltariko kontzertuetako baten egoitza izango da, Nafarroan ospatuko den bakarrarena, hain zuzen. Monasterioa, berebiziko balio historikoa duena, leku paregabea da antzinako musikaz zein musika garaikideaz gozatzeko.

Abuztuaren 13an, 19:45ean, Jagoba Astiazaran (txistua) eta Iñar Sastre (organoa) musikariek, “Leire: Bide-Gurutze” lana aurkeztuko dute, XVIII. mendetik gaurdaino heltzen den musika protagonista izango duen programa. Kontzertu honetarako, bikoteak Eñaut Elorrieta abeslaria gonbidatu du, Nafarroako erromanikoaren monumentu paregabe honen historian zehar ibilbide musikal bat aurkezteko.

Jagoba Astiazaran txistularia eta Iñar Sastre organista prestakuntza klasikoko musikariak dira, eta azken urteotan elkarrekin aritu dira euskal musika herrikoia aztertzen, Arineketan proiektuan, jazza eta folk musika uztartuz. Xabier de Munibe, Jose Olaizola, Estibaliz Robles “Estitxu”, Aita Donostia, Aita Hilario Olazaran, Pablo Sorozabal, Joakin Iruretagoiena, Antton Valverde eta Eñaut Elorrieta euskal musikagileen abesti profanoak eta pieza erlijiosoak aurkeztuko dituzte, hiru bidegurutze topatuz ibilbide horretan zehar.

Ibilbide horretako lehen bidegurutzea Leireko monasterioa izango da. Topagune honetan euskal musika liturgikoa izango dute jomuga. XVIII. mendean Xabier Maria de Munibek, Peñafloridako kondeak, idatzitako Irten ezazu eliz kantatik abiatu eta Estitxu (Estibaliz Robles-Arangiz) Beskoitzeko abeslariaren Agur Maria arteko bidea osatuko dute.

Bigarren topalekuak Nafarroa izango du ardatz, eta bereziki Nafarroarekin harreman zuzena zuten hiru konpositore eta obra esanguratsu: Aita Donostiak eta Aita Hilario Olazaranek Lekarozeko seminarioan ikasi eta gauzatu zuten euren lan mardulena. Baztango bailarako doinuekin osatu zuen Pablo Sorozabalek ere Dos danzas obrako Sagar dantza.

Hirugarren eta azken bidegurutzeak bi une eta espazio historiko ekarriko ditu gogora. Amaiurren duela 500 urte izandako guda eta 1937an Gernikako herriak jasandako bonbardaketa. Biak ala biak musikaren bidez lotuko dira dira Lauaxetari esker. Hark idatziak baitira Antton Valverdek egindako Amaiur Gaztelu Baltza kantaren hitzak. Lauaxeta eraila izan zen Gernikako bonbardaketak igaro eta berehala. Sorozabalen Gernika eta Eñaut Elorrietaren Gernikan obrak baliatuko dituzte musikariek gertakari hau gogora ekartzeko.

Hiru bidegurutze edo topalekuoi esker mundu ezberdinetatik datozen hiru musika nola elkartu daitezkeen erakustea da hirukotearen helburua. Ikuspegi ezberdinetik bada ere, euskal musika bera lantzeko lekurik badela erakutsiz. Guztien bide-gurutze: Leire.

Kontzertu honetarako sarrerek 8 euroko prezioa dute eta www.musikahamabostaldia.eus webgunean nahiz Donostiako Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokietako leihatiletan eskuratu daitezke.