Bilboko Konpartsek ziztadak sartuko dituzte eraso sexisten aurkako protokoloan

Bilboko Konpartsek eraso sexisten aurkako protokoloa eguneratuko dute Aste Nagusirako, emakumeei egindako ziztada posibleei aurre egiteko jarraibideak eskuragarri izateko asmoz. Horrela iragarri dute abuztuaren 20tik 28ra bitartean ospatuko diren jardueren eta ekitaldien programaren aurkezpenean.

Emakumeei jai-ekitaldietan eta jende pilaketetan gertatutako ziztaden kasuak ikusi ondoren, eta berezki ostegunean, abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsieran zehar gertatutako azken biak, kolektiboan horren inguruko kezkarik dagoen galdetu diotenean, Idoia Ugalde federazioko bozeraemaileak aitortu du “oso kezkatuta daudela denok”, eta adierazi du “ziztadak berriak direla, baina ez erasoak”. Ildo horretatik, aurreratu du federazioan aurreko edizioetan aktibatutako protokoloa “uda honetan antza denez modan jarri den eraso mota berri honetara” egokituko dutela aurten.

Ziztaden bidezko erasoen errealitatera eguneratutako protokolo honen berrikuntzak abuztuaren 16an ezagutuko dira, agerraldi espezifiko batean. Ugaldek gogorarazi du “garrantzitsua dela denok jakitea zer egin behar den lasai ibiltzeko eta jaiez gozatzeko beldurrik, paranoirik eta erasotzailerik gabe”.