Unescok XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldia ospatuko du Tolosan irailaren 17an, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Aldundiarekin, Tolosako Udalarekin, Topic Zentroarekin eta Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean antolatuta. Arteak bakea lortzerako garaian duen garrantzia jorratuko dute, eta gatazka garaiak bizi izan dituzten herrialdeetako sei abesbatzek hartuko dute parte. Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak 1981ean ezarri zuen Bakearen Nazioarteko Eguna, eta ordutik irailaren 21ean ospatu ohi da.
Ospakizunaren testuinguruan, azken bi hamarkadetan bakearekin lotutako hezkuntza eta sentsibilizazio publikoko ekimenak biltzen dituen jardunanaldia antolatu izan du urtero Unescok. Mundu mailako hitzordua da, urtero lekuz aldatzen baita, eta aurtengo 20. ediziorako Euskal Herria hautatu dute egoitza nagusi. Tolosak hartuko du, abesbatzekin eta txotxongilo arteekin duen harremanari esker, irailaren 17an, Nazioarteko Egunaren aurreko larunbatean, hain zuzen.
Egitaraua irailean emango da ezagutzera osorik baina, aurreratu dutenez, hiru ekitaldi nagusi izango ditu. Goizean, Topicen egingo den mahai inguru batean, artearen, gazteriaren eta bakearen arteko harremana aztertuko da. Arratsaldean, Tolosako kaleetan bakearen aldeko martxa kultural eta herrikoia egingo da, mundu osoan indarkeria bertan behera utz dadin eskatzeko. Munduko hainbat lekutatik etorritako bost abesbatzek eta Euskal Herriko beste batek ibilbidearen hainbat lekuta abestuko dute. Martxaren amaieran, Josu Elberdin euskal konpositoreak egunerako konporatutako obra bat abestuko dute abesbatza guztiek, elkarrekin. Iluntzean, Leidor Aretoan abesbatza guztiek kontzertu berezia eskainiko dute, eta ekitaldi horrekin emango zaio amaiera ospakizunari.
Gonbidapenak, hala mahai ingururako nola kontzerturako, doan eska daitezke bakea.eus webgunearen bidez. Ekitaldiaren iruditeria grafikoa Nestor Basterretxearen ‘Bakearen Usoa’ eskulturan oinarritu da. Hain zuzen, aurkezpen ekitaldian izan den Jonan Basterretxeak bere aitaren eskulturan oinarritutako txotxongilo bat sortu du, eta irailaren 17ko kultur martxaren buru izango da.