Uztailaren 29 eta 30ean Hatortxu Rock jaialdiaren hogeita seigarren edizioa egingo dute Atarrabian, bi urteko geldialdiaren ostean. Bertan arituko dira Des-Kontrol, Gatibu, ZETAK, Zoo, Delirium Tremens, The Baboon Show, Non Servium, Ibil Bedi, ETS eta Huntza, beste hainbat artistaren artean.
Pandemiaren osasun neurriak tarteko, 2021eko abenduko edizioa bertan behera utzi behar izan zuten Hatortxu Rockeko antolatzaileek. Aurten, “ahalegin berezi bat” eginda, udara mugitu dute abenduan izan ohi den hitzordua.
“Zerua (hel)muga” lelopean, euskal presoen egoera salatuko dute beste urte batez. Jaialdiak ohar bidez jakitera eman duenez, “orain bai, Euskal Herriko zerua ikusten dute askok. Baina espetxean jarraitzen dute eta zerua bere osotasunean leiho txiki batetatik eta inguratzen dituen pareta horiek gabe ikusi dezatela behar dugu”.
Bonuen aurre salmenta dagoeneko itxita dagoen arren, eguneko sarrerak jaialdiko txarteldegian eros daitezke.