Hell Dorado aretoak 20 urte bete ditu eta egitarau berezia prestatu du ospatzeko. Prentsaurrekoan aurkeztu dute Estíbaliz Canto Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak eta Juan Uriarte aretoaren kudeatzaileak.
“Hell Dorado erreferentziazko aretoa bihurtu da Gasteizko gauetan eta Penintsularen iparralde osoan. Gasteiztarrek talderik indartsuenak miresteko tenplua dute areto honetan, eta hiriko akustikarik onenetakoa du”, adierazi du zinegotziak.
“Azken bi urteak zailak izan dira, guztiok dakigun moduan, baina Juanek eta bere taldeak berrasmatzen jakin dute, herritarrek dituzten ohitura berrietara egokituz. Kultura gastronomiarekin eta are prestakuntzarekin uztartu duzue, eta dibertsifikazio horren balioa nabarmendu nahiko nuke”, erantsi du.
Bestalde, Juan Uriartek Hell Doradoren 20. urteurreneko kartela ezagutarazi du. Egitaraua irailaren 3an hasiko da, larunbatarekin, Nikki Hill Estatu Batuetako abeslariaren emanaldiarekin, eta 10ean jarraituko du Suediako The Diamond Dogs taldearekin eta Los Chillekin.
Irailean, maila handiko beste bi ekitaldi izango dira. III. Gasteiz Country Fest 16an iritsiko da Gasteizko infernura. Sweet Country Boots elkarteak antolatzen du eta Chisum Cattle CO eta La Rosa negra izango dira bertan. Eta irailaren 24an, gau amerikarra izango da, The Faithless eta James Legekin.
Urrirako ere, hainbat ekitaldi dituzte baieztatuta. Erresuma Batuko The Godfathers taldea 1ean, larunbatean, arituko da The Peawees italiarrekin batera; 15ean, Hell Doradok King Sapo eta Resaca Jacksonen bisita izango du, diskoa zuzenean grabatzeko; eta 22an, hiru banda izango dira agertokian: Discípulos de Dionisos, Lie Detectors eta La Perra Blanco Trío. Hilaren 29an, larunbatean, The Excitements eta Micky and the Buzzen gaua izango da.
Dady Long Legs Estatu Batuetako taldeak zabalduko du azaroko egitaraua The Meanies australiarrekin batera hilaren 5ean; ostiralean, 11n, Toundra eta Burilanen txanda izango da; larunbatean, 12an, Marka Makovsky izango da, eta 19an, larunbatean, Marah (AEB) eta Split Squad (AEB/EB) izango dira gonbidatuak.
Eta 2022 urtea amaitzeko, dagoeneko baieztatuta dauden lau kontzertu izango dira. Ray Collins Hot Club Alemaniatik abenduaren 3an, larunbatarekin; The Soulbreaker Company + Banda lagunak 12an; Elvez Christmas Show 24an eta Rambalaya 30ean, ostiralean.
Uriartek 2023ko egitaraua ere aurreratu du. Biznaga eta Bala arituko dira Gasteizko aretoan urtarrilaren 27an, ostiralarekin.
Kontzertu horiez gain, baieztatzeke dauden beste ekitaldi batzuk izango dira.