EHU munduko 200 unibertsitate onenen artean dago zazpi diziplinatan

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) munduko 200 unibertsitate onenen artean dago zazpi diziplinatan, Shanghaiko (Txina) Jiao Tong Unibertsitatearen urteko txostenaren azken edizioaren arabera.

 Munduko 500 unibertsitate onenak zerrendatzen ditu txostenak espezialitate akademikoen arabera, eta oraingoan, EHU 150 onenen artean kokatu da Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan, eta 200 onenen artean Elikagaien Zientzia eta Teknologian, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan, Nanozientzia eta Nanoteknologian eta Matematikan.

EHUk jakinarazi duenez, ‘Shanghaiko rankinga’ izenez ezagutzen den sailkapena unibertsitate munduan gehien baloratzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handiena duen zerrendetakoa unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan. Sailkapenak munduko 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, mundu osoko 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta.

EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan, eta 2020ko ediziotik 400 onenen artean egon da. Eva Ferreira EHUko errektorearen iritziz, argitaratu diren datuak “oso esanguratsuak dira eta gurea unibertsitate sendo bat dela erakusten dute, dinamikoa eta hobetze prozesu jarraian”. “Zoriontzekoa da lehen 200 onenen artekoak zazpira igo izana, Matematika ere sartu baita, eta munduko 500 unibertsitate onenen artean egotea Telekomunikazio Ingeniaritzan (300 onenen artean), Ekonomia eta Psikologian (400 onenen artean), besteak beste”, azaldu du.

Halaber, adierazi du kontuan hartu behar dela jakintza arlo guztiak daudela ordezkatuta gai espektro zabal horretan, eta horrek, “gure unibertsitatearen izaera jeneralista ez ezik, arlo guztietan ezartzen den autoexijentzia maila” ere adierazten duela. “Uste dut arrazoi ona dela gure unibertsitate osoa zoriontzeko eta euskal gizartea ere zoriontzeko, hari zor baitiogu geure zerbitzua”, gaineratu du.