Juan Irazusta omenduko dute gaur Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak

Alkizako Udalak (Gipuzkoa) eta Euskaltzaindiak gogora ekarriko dituzte Juan Irazustaren lana eta haren garaia gaur, uztailak 22. Ospakizunak bi zati izango ditu: Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratuko da Fagus-Alkiza interpretazio zentroan, eta ondoren, San Martin Tourseko elizan, ‘Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana’ liburua aurkeztuko da.

Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez, Juan Irazusta Alkizalete (Alkiza, 1688-1772) idazle eta Hernialdeko erretoreak idazlan bakarra argitaratu zuen. 1739an, Gaspar Astete josulagunaren doktrina argitaratu zuen Iruñean, euskarara itzulita. ‘Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac…’ izenburuarekin argitaratu zen aipatu lana. Bi mendetan zehar, Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi behar izan zuten dotrina hori. Aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere, haren itzala gaur egunera arte iritsi da.

Hala, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak Irazustaren jarduna eta bere garaia gogora ekarriko dituzte gaur. Ospakizunak bi zati izango ditu. Lehen zatian, Juan Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratuko da. 17:00etan izango da estreinaldia, Fagus-Alkiza interpretazio zentroan. Besteak beste, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak eta Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak parte hartuko dute. Foru erakundeak bere gain hartu ditu erakusketak eragindako gastuak.

Ospakizunaren bigarren zatian, ‘Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana’ liburua aurkeztuko da jendaurrean. 17:30ean izango da agerpena, San Martin Tourseko elizan. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitz egingo dute. Hitzaurreen ostean, Olatz Leturiaga liburuaren egileak argitalpenari buruzko azalpenak emango ditu. Jaurlaritzaren babesarekin argitaratu da liburua. Bertaratzen direnek liburuaren ale bat eskuratzeko aukera izango dute, eta Irazustari buruz gehiago jakin nahi dutenek irailaren 16ra arte bisitatu ahalko dute erakusketa.