CAF-Elhuyar sariak abian daude berriro

Aurtengo deialdira lanak aurkezteko otsailaren 7an amaituko da.

UNAI GANDARIAS /2019-11-04/ CAF-Elhuyar sariketa abiatu da, zientziaren eta teknologiaren mundua gizarte osoarekin lotzeko asmoz, eta ‘Zubiri-zubiri’ da edizio berriko leloa, eremu zientiPko-teknologikoa eta gizartearen artean zubigintzan dabiltzanen lana aitortzea, saritzea eta bultzatzea izango baita bere xedea. Lanak 2020ko otsailaren 7ra bitarte aurkez daitezke, lehiaketaren arduradunek iragarri dutenez.

Sariketak hiru kategoria izango ditu. ‘Dibulgazio artikulu originalak’ kategoria bi azpikategoriatan banatuta dago: ‘dibulgazio artikulu orokorrak’ eta ‘egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluak’. 2.000 euroko saria, urtebeteko harpidetza ‘Elhuyar’ aldizkarira eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko ditu bakoitzeko irabazleak.

Bestalde, ‘Zientzia kazetaritzaren arloko lanak’ kategoria 2.000 eurorekin, ‘Elhuyar’ aldizkarirako urtebeteko harpidetzarekin eta eskulturarekin sarituko da. Azkenik, ‘Zientzia Gizartean Sorkuntza Beka’ kategorian sartuko dira zientziaren edo teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak, eta aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru laguntza jasoko du, bai eta eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere ‘Neiker sari berezia’ emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria, alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan, bi sariak jasoko ditu. cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago sariketaren inguruko informazio guztia

Hona hemen Elhuyar Fundaziotik helarazi dizkiguten deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

I.- Sariketaren xedea

CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Elhuyarrek antolatzen ditu CAF-Elhuyar sariak, CAF enpresarekin batera, NEIKER-Tecnaliaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntzaz.

II.- Kategoriak eta sariak

Hiru kategoria hauek osatzen dute sariketa:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak aurkeztuko dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago:
  • Dibulgazio-artikulu orokorrak

Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira

  • Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak

Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira

  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Kategoria honetan, 2019an euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak.

Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira

  • Zientzia gizartean sorkuntza-beka. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuak aurkeztuko dira, euskaraz sortuak. Proiektuek izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan dezakete, eta arlo zientifikoa eta soziala harremanetan jartzea izango da haien muina.

Saria: 5.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat

Horrez gain, NEIKER sari berezia dago. Lehen bi kategoriatako lanen artetik (dibulgazio artikuluak eta kazetaritzakoak) lehen-sektorearekin lotura duen lan onenari emango zaio sari hori. Beste sariekin bateragarria izango da; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan bi sariak jasoko ditu. Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira.

III.- Dibulgazio-artikuluak

  • Kategoria honetara euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-artikuluak aurkeztuko dira.
  • Aurkeztuko diren lanek originalak eta sekula argitaratu gabeak izan behar dute; itzulpen edo moldaketarik ez da onartuko. Beste sariren bat jaso duten lanak ere ez dira onetsiko.
  • Bi eratako dibulgazio-artikuluak aurkeztu ahal izango dira: (i) zientzia- eta teknologia-gai bati buruzko dibulgazio-artikulu orokorrak, batetik, eta (ii) sariketara aurkezten den autorearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, bestetik.
  • Doktore-tesietan oinarritutako artikuluen kategorian, zientzia eta teknologiaren arloko doktore-tesiei buruzko dibulgazio-artikuluak bakarrik onartuko dira, eta 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean aurkeztutako tesiak bakarrik hartuko dira kontuan. Dibulgazio-artikuluak argi erakutsi behar du zein izan diren tesiaren ardatza eta egilearen ikerketa-lana.
  • Artikuluek, gehienez, 10.000 karaktere izango dituzte, hutsuneak zenbatuta. Muga horretatik kanpo daudenak ez dira kontuan hartuko. Dagozkien irudi eta grafikoez hornituko dira. Horiek argitaratzeko baimena edo lizentzia izan behar dute, eta jabetza aitortu beharko da (artikuluaren egilearenak direnean, halaxe aitortuko da, beti ere, egilearen izena jarri gabe). Irudiei eta grafikoei, eta haien argazki-oinei dagokien espazioa ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko. Bibliografia ere aipatu egin behar da; bibliografiari dagokion espazioa ere ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko.
  • Artikulu saridunak

Elhuyarrek konpromisoa hartzen du saria jaso duten dibulgazio-artikuluak argitaratzeko, eta egileei ez dagokie horregatik inolako kontraprestaziorik. Elhuyarrek bereganatzen ditu artikulu saridunen ustiatze-eskubide guztiak (erreproduzitzeko, banatzeko, gizarteratzeko eta transformatzeko eskubideak barne); beraz, nahi duen bide, euskarri eta formatuan argitaratu ahal izango ditu nahi beste aldiz. Elhuyarrek, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu artikulu saridunak.

  • Saritu gabeko artikuluak

Elhuyarrek nahi duen bide, euskarri eta formatuan argitaratu eta hedatu ahal izango ditu sariketara aurkeztu diren eta saririk jaso ez duten dibulgazio-artikuluak, eta egileei ez dagokie horregatik inolako kontraprestaziorik. Elhuyarrek, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu sariketara aurkeztu diren eta saririk jaso ez duten artikuluak. Hala ere, Elhuyarrek lan horiek argitaratzeko eta hedatzeko eskubidea besterik ez du bereganatuko, eta egileei dagozkie artikuluen gaineko ustiatze-eskubide guztiak.

IV.- Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak

  • Kategoria honetan, zientzia- eta teknologia-gaiak hizpide dituzten euskarazko kazetaritza-lanak aurkeztuko dira.
  • Formatu eta genero guztietako lanak aurkeztu ahal izango dira: egunkarietan argitaratutako erreportajeak, telebistan emititutakoak, Interneten argitaratutako lanak, irrati-emankizunak…
  • Lanek 2019ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean argitaratutakoak izan behar dute.
  • Lanak autoreak, autore-taldeak nahiz komunikabideak aurkez ditzake. Alabaina, saria autorearentzat edo autoreentzat izango da kasu guztietan.
  • Autore bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere.
  • Ezingo dira proiektu osoak aurkeztu, kazetaritza-lan zehatzak baizik.
  • Egokia baderitzo, epaimahaiak aukera izango du epe horretan argitaratu den kazetaritza-lan bat saritzeko, baita sariketara aurkeztu ez bada ere. Nolanahi ere, egileei eta komunikabideei dei egiten zaie lanak aurkez ditzaten sariketara.
  • Kazetaritza-lana aurkezten duenak ez dio lanaren ustiatze-eskubiderik emango Elhuyarri, baina Elhuyarrek aukera izango du saria jaso duen kazetaritza-lanaren aipamen labur bat egiteko Elhuyarrek egoki deritzon komunikabideetan. Aipamen hori, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango du Elhuyarrek.

V.- Zientzia gizartean sorkuntza-beka

  • Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza landuko duten proiektuak aurkeztuko dira. Proiektuen izaera zientifikoa, artistikoa zein soziologikoa izan daiteke, eta arlo zientifikoaren eta gizartearen arteko zubi-lana egitea izan behar du haien muinak.
  • Proiektuak originalak eta euskaraz sortuak izango dira, aurrez jendaurrean aurkeztu gabeak eta saritu gabeak.
  • Edozein diziplina artistiko, soziologiko edo zientifikotako proposamenak aurkeztu ahal izango dira sariketara: ikus-entzunezkoak, dantza edo musika ardatz dutenak, esperimentu artistiko-sozialak, argazkilaritzakoak, arkitektonikoak…Beti ere, arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea harremanetan jartzeko xedearekin.
  • Eremu zientifiko-teknologikoa zentzu zabalean interpretatuko du autoreak edo autore-taldeak.  Hauek izan daitezke proiektuaren ardatz: kontzeptu zientifikoak, ikerketa, garapen teknologikoak, gertaera historikoak, etorkizunaren irudikapenak, arriskuak, erronkak, aurreiritziak, kezka sozialak, zalantza etikoak…
  • Proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira.
  • Proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko aplikazioaren bitartez aurkeztuko dira, eta atal hauek izango ditu:
  • Txosten bat gauzatu nahi den proiektuaren deskribapenarekin (gehienez 10.000 karaktere / 5 orri). Txostenean alderdi hauek jasoko dira: helburuak, motibazioa, ezaugarriak, lan-plana (garapena, epeak eta iraupena), proiektua gauzatzeak eskatuko lituzkeen baliabideen zerrenda, baliabideen erosketa edo alokairuak (dagokionean), formatua eta azken emaitzaren ezaugarriak.
  • Egilearen edo egile-taldearen aurkezpen laburra.
  • Ez da onartuko aipatutako irizpideak betetzen ez dituen lanik.
  • Saritua izateko, ez da beharrezkoa lagin bat aurkeztea; nahikoa da proposamena aurkeztea. Diru-laguntza, berriz, zatika emango da: irabazleari bekaren erdia emango zaio lagin bat aurkeztutakoan, eta beste erdia proiektua gauzatutakoan. Hala ere, proposamenaren ezaugarriek hala eskatzen badute, prozedura hori alda daiteke; adibidez, hasieratik jasotzeko zatiren bat, proposamena martxan jartzeko beharrezkoa izanez gero.
  • Saria jasotzen duen pertsonak edo taldeak bere burua behartzen du saritutako proiektua garatzera eta azken emaitza lortzera. Irabazleak bederatzi hilabeteko epea izango du gehienez, saridun izendatua izan ondoren, proiektua gauzatzeko. Egileak edo egile-taldeak bere lana amaitzen ez badu, edo emaitzaren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoaren aldean nabarmen kaskarragoak badira, egileak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
  • Saridunak konpromisoa hartzen du proiektuaren  gizarteratzean parte hartzeko.
  • Elhuyarrek eskubidea izango du saridun gertatzen den proiektuaren emaitza hedatzeko.
  • Bekaren diru-ekarpenaz landa, CAFek eta Elhuyarrek ez dute beren gain hartuko proiektua gauzatzeko behar diren baliabideen kosturik.
  • Proiektuaren zein azken emaitzaren jabea egilea edo egileak izango dira, eta harenak edo haienak izango dira baita ustiapen- eta hedapen-eskubideak.
  • Lanaren emaitzan argi azaldu behar da bekaren laguntzarekin gauzatu dela, esaldi honen bidez: “Lan hau 2020ko CAF-Elhuyar Zientzia gizartean sorkuntza-bekaren laguntzarekin egin da”.

VI.- Lanak/Proiektuak aurkeztea

  • Lanak edo proiektuak aurkezteko azken eguna 2020ko otsailaren 7a izango da.
  • Lanak edo proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko formularioaren bitartez aurkeztuko dira.
  • Ez da onartuko CAF-Elhuyar sarien aurreko bi edizioetan edo gehiagotan jarraian saridun izan diren egileen lanik.
  • Formularioan, lana edo proiektuaren txostena eta egile(ar)en datuak eskatzen dira: egile(ar)en izen-deiturak, helbidea, herria, posta-kodea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.
  • Formulario bidez jasotako datu pertsonalak eta lanak erabateko zuhurtasun eta konfidentzialtasunez erabiliko ditu Elhuyarrek. Modu anonimoan helaraziko dizkie lanak Elhuyarrek epaimahaikideei; beraz, lanen balorazioa egitean epaihamahakideek ez dute lan bakoitzaren egileen berri izango.
  • Autorearen doktore-tesian oinarritutako lanetan, aurrekoaz gainera, formularioan beste datu hauek eskatzen dira: zein sailetan eta unibertsitatetan egin den tesia. Horrekin batera, doktore-tituluaren edo tesia gainditu izanaren frogagiriaren kopia.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, datu pertsonalez gain, argitalpenaren kopia bat eskatzen da prentsa idatzian argitaratutako lanen kasuan. Irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokien enpresak emandako emisio-ziurtagiria. Interneten argitaratutako lanen kasuan, webgunearen helbidea adierazi beharko da, eta kudeatzaileak emandako argitalpen-ziurtagiria.

VII.- Epaimahaia

  • Epaimahaia zientzia eta teknologiako zein artearen munduko eta kazetaritzako adituek osatuko dute, eta Elhuyarrek izendatuko du. Hauek izango diraa CAF-Elhuyar 2020ko epaimahaiak:
  • Dibulgazio-artikuluen eta kazetaritza-lanen epaimahaia: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren epaimahaia: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Garazi Andonegi Beristain, Elhuyar Kultura Zientifikoaren arlo-arduraduna.
  • Epaimahaikoen erabakia sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko da jendaurrean. Hala ere,antolatzaileek aurretik izango dute erabakiaren berri, eta parte-hartzaileei ere esango zaie, ekitaldiaren egunera arte isilpean gordetzeko konpromisoarekin.
  • Epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan sariak emateko:
  • Dibulgazio-artikuluaren kalitatea, zuzentasuna, erakargarritasuna eta originaltasuna;  hizkuntzaren egokitasuna; irudi eta grafikoen kalitatea eta aberastasuna.
  • Kazetaritza-lanaren kalitatea eta erakargarritasuna, kontakizunaren aberastasuna (irudiak eta grafikoak, elkarrizketak, deskribapenak, musika eta soinuak, lokalizazioak…); informazioaren egokitasuna; iturrien aipamena eta aberastasuna; hizkuntzaren zuzentasuna. Gaurkotasunari erantzuteko ahalegina ere baloratuko du epaimahaiak.
  • Sorkuntza-bekaren kasuan, aurkeztutako egitasmoaren originaltasuna eta erakargarritasuna; zientziaren/teknologiaren eta gizartearen artean bilatzen duen elkarrekintzaren sakontasuna; egingarritasuna; interes soziala eta diziplina arteko loturak bultzatzeko ahalegina; aurkeztutako proiektuaren zehaztapen- eta garapen-maila. Taldean aurkeztutako lanak eta bestelako finantziazio-iturrietan sarbiderik ez duten proposamenak lehenetsiko dira.
  • Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek/proiektuek gutxieneko kalitate-ezaugarriak betetzen ez dituztela iritziz gero.

VIII.- Jabetza intelektualaren eskubideak

  • Lanen ustiatze-eskubideen jabetzari dagokionez, III., IV. eta V. ataletan xedatutakoari jarraituko zaio.
  • Saritutako lanak Creative Commons AITORTU – EZ KOMERTZIAL – OBRA ERATORRIRIK GABE lizentziapean zabalduko dira. Informazio gehiagorako, ikusi http://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/3.0/
  • Lanak oinarri hauetan zedarritutako mugetatik kanpo hedatu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da egilearen, edo egileen, baimena izatea.
  • Lana sariketara aurkeztuta, parte-hartzaileek bermatzen dute ez dutela aurkezten inolako materialik hirugarrenen jabetza intelektual edo industrialaren eskubiderik urratzea dakarrenik. Elhuyarrek ez du bere gain hartuko egileek egindako hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren inolako eskubide-urratzerik, eta egileek Elhuyar kalterik gabe atxikiko dute hirugarrenen edozein erreklamazioren aurrean, eta, bereziki, beren jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubide-urratzearen aurrean. Elhuyarrek, orobat, ahalmena du oinarri hauek hausten dituzten edo hirugarrenen eskubideak hausten dituzten egileei emandako edozein sari atzera bueltatzea eskatzeko, Elhuyarri legozkiokeen kalte-galerei utzi gabe.
  • Baldin eta epaimahaiak atzematen badu lanen batek hausten dituela hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideak, lan hori automatikoki baztertuko da sariketatik, epaimahaiaren irizpide esklusiboz, eta lan horren edo horien egileak ez du inolako kalte-ordainik izango baztertze horregatik.
  • Lanek ez diote eraso egin behar pertsona fisiko edo juridikoen jabetzari, osotasunari edo irudi onari.

IX.- Azken klausulak

  • Saritutako lanak gizarteratzean, nahitaez egin beharko da irabazitako sariaren edo bekaren aipamena.
  • Antolatzaileek ez dute bere gain hartzen saritutako lanetan adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik.
  • Materiala bidaltzean birusak edo bestelako arrazoiak direla eta arazorik gertatuko balitz, Elhuyar ez litzateke erantzule izango.
  • Aurkeztutako lanen/proiektuen fitxategiak ez zaizkie  itzuliko autoreei.
  • Elhuyarko langileek ezingo dute parte hartu sariketa honetan.
  • Oinarrietan jaso ez diren gai eta gertakariei dagokienez, Elhuyarrek izango du erabakitzeko eskubidea.
  • Sariketa honetara aurkezteak esan nahi du oinarri hauek guztiak onartzen direla.

X.- Argibideak

Sariketari buruzko argibideak Elhuyarri eska dakizkioke:

Elhuyar

Egoitz Etxebeste Aduriz / Ana Galarraga Aiestaran

Zelai Haundi 3, Osinalde

20170 Usurbil (Gipuzkoa)

Telefonoa: 943363040; luzapena: 210

cafelhuyarsariak@elhuyar.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude