FesTVal Gasteizko telebista jaialdiaren 2022ko edizioa irailaren 5etik 11ra bitarte ospatuko da, eta Netflix, Atresmedia Televisión, Amazon, RTVE, Movistar+, EITB, AMC Networks International, Atresplayer Premium eta #0 kateen parte hartzea izango du. Ostegun honetan aurkeztu dute jaialdia Europa jauregian, eta bertan izan dira jaialdiaren zuzendari Joseba Fiestras, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta alkateorde Maider Etxebarria, Arabako ahaldun nagusi Ramiro González, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta ETBko zuzendari Unai Iparragirre. FesTValen egoitza nagusiak Vital Fundazioa kulturunea, Europa biltzar jauregia eta Principal antzokia izango dira.
Estreinaldiak eta irailaren 10ean alfonbra laranja tradizionala berreskuratuko duen amaierako zeremonia Principalen egingo dira. Aurtengo edizioko berritasunetako bat da EITBk lehen aldiz eskainiko duela FesTValen amaierako zeremonia telebistaz, irailaren 10ean. Ekitaldian Estatu mailako telebistako aurpegi ezagunenak izango dira, eta EITBk 40. urteurrena ospatuko du ikusleekin eta Principalen elkartuko diren guztiekin. Emanaldia ‘prime time’-an izango da ETB2n eta eitb.eus-en.
Estreinaldien eta aurkezpenen behin betiko programazioa oraindik zehaztuta ez dagoen arren, antolatzaileek ProFesTValen edukien zati bat aurreratu dute, hau da, Europa jauregian sektore profesionalari zuzenduta izango diren doako jarduerena. Horrela, Joseba Beristainek eta Music Library-k ‘La música que cuenta’ lantegia eskainiko dute.
Bertan, telebista, Internet edota zinemarako erabiltzen den musikaren inguruko oinarriak erakutsiko dituzte. Bestalde, Alma gidoilarien sindikatuaren laguntzarekin, ProFesTValek topaketa digitala antolatu du eta ‘showrunner’ delakoa izango da elementu nagusia. Parte hartzaileen artean izango dira Carlos de Pando eta Sara Antuña, ‘Sin huellas’ eta ‘¡García!’ lanen sortzaile eta ‘showrunner’-ak eta ‘El vecino’-ren lehen denboraldiaren ‘showrunner’-ak, eta Teresa de Rosendo eta Josep Gatell ‘El vecino’-ren bigarren denboraldiko ‘showrunner’-ak. Tailerraren moderatzailea Cristobal Garrido izango da, ‘Días mejores’ eta ‘Reyes de la noche’ lanen sortzailea eta ‘showrunner’-a.
ABEN SARIA
FesTValen beste lorpen esanguratsu bat da ABEN Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko Serie Sariaren bigarren edizioa egiteko aukeratu dutela. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak, Akitania Berria Eskualdeak, Akitania Berria Eskualdeko Kultur Agentziak, Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik eta Nafarroako Gobernuak babestu dute saria.
Profesionalen epaimahaiak aurretiko aukeraketa egin ostean, aukeratutako 3-6 proiektuek irailaren 9an egingo den ‘pitching’ saioan beren telesaila defendatu ahal izango dute. Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du jaialdiaren amaiera ekitaldian. Gainera, sektorearen orainaldiaren eta etorkizunaren inguruan mahai ingurua egingo dute Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko ikus-entzunezko espezialistek.
Halaber, irailaren 9an, EITBk eta RTVEk topaketa profesionala egingo dute Euskadiko ikus-entzunezkoen ekosistemako ordezkari nagusiekin batera. Hitzordua bigarren aldiz antolatu da FesTValen baitan, iaz izandako harrera eta partaidetza arrakastatsua ikusita. Amaitzeko, beste berritasunetako bat izango da Vital Fundazioa kulturunean aldi berean egingo den ikus-entzunezko programazioa. Bertan, gai ezberdinetako nazioarteko lau dokumental ikusiko dira eta aste osoan zehar primizian estreinatuko dituzte Gasteizko jaialdian.