Etorkizuneko euskal hiztunen komunitatearen ezaugarriak aztergai

Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak 2030. urteko euskaldun eleaniztuna irudikatzeko mintegia antolatu dute Bilbon, eta etorkizuneko euskal hiztunen komunitatearen ezaugarriak eta erronkak aztertu dituzte bertan. Sabino Arana Fundazioaren egoitza izan da topaketa, eta Mireia Zarate bere presidenteak egin die harrera hizlari eta entzuleei.

Mintegiaren lerro nagusiak azaldu ditu, galderen bitartez: “Zer egin beharko genuke aurrera begirakoan euskararen iraupena ziurtatzeko eraldaketaz beteriko garai hauetan? Nola irudikatzen ditugu 2030eko euskaldunak, zelan etorkizuneko euskal hiztunen komunitatea?”. Jarraian, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu du Euskaltzaindiak ehun urtetik gora dituela, baina Akademia aurrera begira dagoela azpimarratu du, eta prest dagoela “etorkizuneko orientabideei buruz hausnartzeko, jarraibideak bilatzeko”.

“Gure etorkizuna eleanitza izango da, eta eleaniztasun horren barruan kokatu behar dugu euskara”, gaineratu du. Xabier Barandiaran Soziologiako doktore eta unibertsitateko irakasleak hasi du mintegia. Euskal Herrian gertatzen ari diren eraldaketa ekonomiko, sozial eta politikoek euskal hiztunengan eta euskararengan duten eraginari buruzko hausnarketa egin du lehenik, hori guztia globalizazioarekin lotuz.

“Espazio ekonomikoak zabaldu egin dira eta Euskal Herria behartuta dago joko zelai horretan lehiakorra izatera. Teknologiak errealitatea eraikitzeko harreman sistema berriak sortu ditu eta komunitate eredu berriak egituratzeko aukera eskaini du. Globalizazioak balio sistema eraldatu du, gizarteratze publikoaren espazioak biderkatu egin dira, eta agenda politiko berri bat dago: aldaketa klimatikoa, desberdinkeriak, digitalizazioa, energia iturriak bereganatzeko estatu indartsuenen arteko lehia”, azaldu du.

Bada, esparru anitz eta konplexu honen barruan, Barandiaranen esanetan, euskararen etorkizuna, neurri batean, Euskal Herriak komunitate politikoaren izaerari eusteko duen gaitasunarekin lotuta dago. “Baina horretarako herrigintzarako estrategia eta gobernantza eredu berria behar dugu. Barne estrategian oinarritutako estrategia bat behar da, batez ere, alderdi abertzaleen artean. Horrek adostasun zabalak eskatzen ditu. Euskara mundu berri horrekin lotu behar dugu, eta epe luzerako estrategiak behar dira, baina oraindik ere epe motzean gabiltza”, adierazi du.

JAURLARITZAREN HIZKUNTZA ERRONKAK

Ondoren, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza erronka nagusiak aletu ditu. Bidaia bat imajinatu du 2030era, eta ibilbide horretan indartu eta gogoan hartu beharreko lerro batzuk definitu ditu. Hasteko, testuinguru europarrari begira jarri da: “Sumatzen denez, gure hizkuntza frankoa ingelesa izango da, eta horrek etxeko lan bat egitea eskatzen digu: euskararen presentzia indartu behar dugu mundu berri horretan, toki hori bilatuz etengabe”.

Gainera, bere ustez, Espainiako Estatuak ez die askorik lagunduko hizkuntza gutxituei. “Estatu espainiarrak ez du inongo kezkarik eleaniztasunean, ez dauka beste hizkuntzekiko errespeturik; bere zerbitzuetan ez du ahaleginik egiten beste hizkuntzak sustatzeko. Gaztelania dute gogoan bakarrik. Horregatik, euskararen onespena bilatu eta Estatu espainiarreko administrazioan euskararen presentzia ziurtatzeko pausoak eman beharko ditugu”, esan du.

Zentzu horretan, euskararen estatusa bermatuko duten arauak onartzen jarraitu behar dela esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Euskal Herri elebiduna edo eleaniztuna irudikatu du Zupiriak 2030ean, eta horregatik, bere esanetan, “lortu behar dugu gure artean jaio eta heziko diren haurrek elebidunak izan daitezen gure bi hizkuntza ofizialetan, eta bi hizkuntzak erabiltzeko aukerak sortu behar ditugu. Hizkuntza gaitasuna landu behar dugu”.

“Gainera, gazteen buruan jarri beharko dugu, azterketak egin beharko ditugu eta hor azpian dagoen pentsamendua aztertu eta ondorioak atera”, gaineratu du. Bukatzeko, euskal alderdi politikoei zuzendu zaie: “Hizkuntzaren egoeraz hitz egiten dugunean diskurtsoak adostu egin beharko genituzke, hitz errealistak erabili, egoeraren berri erreala eman, baina diskurtso derrotistak baztertuz. Aurrera jarraitzeko akordio berriak beharko ditugu, baita desberdin pentsatzen dutenekin ere”.

HIZKUNTZA PROIEKTUAK

Bestalde, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hezkuntzan ateratzen ari diren datu positiboak azalduz hasi du hitzaldia: “Datuek diote gure gazteak ondo prestatuak daudela, beraien sasoian guk genekiena baino askozaz gehiago dakitela. Beraz, belaunaldi berriak gu baino hobeto prestatuta daude.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko familiek D ereduaren aldeko apustu garbia egin dute”. Aitortu du jaiotze tasaren jaitsiera nabarmena dela EAEn, baina errealitate hori baliatu behar dela “gure hezkuntzaren kalitatea areagotzeko”. “Gainera, joera hau aldatuko da 2036an, urte horretarako ikasle kopurua %7 igoko baita, etorkinen seme alabekin, hain zuzen”, gaineratu du.

Halaber, euskarazko hezkuntzaren inguruan gizarteak duen pertzepzioa ona dela nabarmendu du: “Jendeak biziki eskertzen du erakundeetatik egindako esfortzua, eta hori inportantea dela iruditzen zaigu”. Datu positiboen ostean, etorkizunean heldu beharreko erronkei erreparatu die Bildarratzek. Bere iritziz, “laster, ikasle askorentzat euskara bigarren edo hirugarren hizkuntza izango da, baita irakasle askorentzat ere. Horrela, irakasleriaren printzipio pedagogikoak birpentsatu behar dira, formula metodologiko berriak martxan jarri, eta horretan gabiltza, ikastetxeetan egiten ari diren eraldaketa pedagogikoak izugarriak baitira”.

Halaber, etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarrien inguruko adostasunaren onurak aipatu ditu Bildarratzek: “Etorkizunean, ikastetxe bakoitzak errealitate ezberdin bati erantzun beharko dio, Gasteizko auzo batean egon edo Ataunen egon, hizkuntza egoera ezberdina delako. Denak izan daitezke D eredukoak, baina egoera ezberdin bati erantzun beharko dio ikastetxe bakoitzak.

Eta lege berriak lagunduko du zeregin horretan, hots, ikastetxe ahaldundu batek bere inguruarekin izan beharreko harremanetan”. “Hizkuntza proiektu sendoak behar ditugu, irakasleen konpetentziak indartu behar ditugu, bai linguistikoak bai pedagogikoak, ele eta kultura aniztasuna erdigunera ekarriz. Eta ez daukat zalantzarik erronka hauei guztiei erantzuten jakingo dugula”, ziurtatu du.

Azkenik, mintegia bukatzeko, Elixabete Larrinaga Politika eta Administrazio Zientzietako doktore eta unibertsitateko irakasleak gizarte ekintza euskaldunaren lehentasunak aztertu ditu. Gogoratu du Euskararen Legeak 40 urte beteko dituela aurten, eta esan du 1982tik gaur arte eraldaketa sakona izan dela euskal gizartean, eta, horrekin batera, “euskal hiztunen profilak, erronkak eta premiak” ere aldatu egin direla aitortu du.

Ondoren, etorkizunari begira jarri da: “Jakina da gizarte ekintza euskaldunak lan eskerga egin duela hizkuntza biziberritzeko ahaleginean, baina orain, eraginkortasunez ekiten jarraitzeko, gizarte ekintza euskaldunak testuinguru berriaren baldintza eta ezaugarrietara egokitu eta lehentasunak ezarri behar ditu”. Premiazko zeregina dela esan du Larrinagak, eta lehentasunen artean bi nabarmendu nahi izan ditu: “Batetik, diskurtsoa berritzea, ideia positiboagoak erabiliz, eta, bestetik, lekukoa hartzeko prest dagoen eta gai den erreleboa ziurtatzea”.