Gure Zirkua Orion egongo da abuztu osoan

Gure Zirkuak Orion egingo du abuztu osoa, eta 16 emanaldi eskainiko ditu hileko ostegun, ostiral, larunbat eta igande guztietan. Euskal zirku ibiltariak bosgarren biran Gipuzkoan eskainiko dituen lehen saioak izango dira, eta sarrerak salgai daude dagoeneko www.gurezirkua.eus webgunean.

Zirkuko arduradunek adierazi dutenez, bi hilabete igaro dira jada joan den maiatzaren 6an bosgarren bira abiatu zutenetik. Urteurrenari hasiera emateko, taldeak Bizkaia aukeratu zuen lehenbiziko aldiz, eta estreinaldi “ezin hobea” izan zuen Durangoko emanaldietan. Harrez gero, Araban, Amurrion sartu-irtena eginda, eta Bizkaiko Lezaman eta Ispasterren eman ditu azken asteak euskal zirku ibiltariak.

Horietan guztietan 47 saio eskaini ondoren, Gure Zirkuak Gipuzkoara jauzi egin eta abuztu osoa Orion egingo du, Mendibeltz futbol zelaiaren aldamenean egongo den karpan 16 emanaldi eskainiz, hileko ostegun, ostiral, larunbat eta igande guztietan, 19:00etan guztietan ere.