Asteburuan Punta Begoñako galerietan Getxoarte erakusketa kolektiboa egingo dute

Getxoarte 2022 erakusketa kolektiboa izango da ikusgai Bizkaiko udalerriko Punta Begoñako galerietan ostiraletik igandera, uztailaren 15etik 17ra. Publikoak aukera izango du sorkuntza garaikidearen azken joerak bertatik bertara ezagutzeko, hamar egileren eta artista gonbidatu baten lanaren bitartez. Erakusketarekin batera, hiru egunetan zehar beste zenbait ekimen izango dira, besteak beste, musika eta dantza emanaldiak, artistekin topaketak, bisita gidatuak eta Getxoko arte publikoa ezagutzeko ibilbideak.

Jarduera guztietarako sarrera doakoa izango da, baina ibilbideetan eta bisitetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da getxoarte@getxo.eus helbidera idatzita, Getxoko Kultur Etxetik jakinarazi dutenez. Bada, Nahia Bedialauneta, Martin Del Busto, Mikel Erkiaga, Eva Karega, Rocio Kunst, Sergio Daneri M. Guzman, Gabriele Muguruza, Luciana Rago, Iñigo Villar eta Pablo Zabala artisten modalitate anitzeko lanak izango ditu Getxoarte 2022 erakusketak. Ostiralean eta larunbatean 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, eta igandean 11:30etik 15:00etara.

Ekintzen egitaraua ostiralean hasiko da, 19:00etan, erakusketaren aurkezpenarekin, aukeratutako sortzaileak bertan direla. Gainera, ordu berean bi ibilbide egingo dira Getxoko arte publikoan zehar: lehenengoa, ‘De abrazo a abrazo’ izenekoa, gaztelaniaz izango da eta Arantxa Peredak gidatuko du; bigarrena euskaraz izangoi da, ‘In Memoriam’ du izena eta Ibon Markaidak gidatuko du. Ostiraleko programa 21:00etan amaituko da, Maitane Sarralde eta Nerea Aizpuruaren eskutik: ‘Euterpe’ aurkeztuko dute, erakusketarako bereziki sortutako biolontxelo musika eta dantza emanaldia. Larunbatean, erakusketaren lehenengo bisita gidatua egingo du Arantxa Peredak 12:30etik 13:30era eta, arratsaldean, artistekin topaketa izango da, Kepa Garrazak, Oier Iruretagoienak eta Maider Lopezek gidatuta.

Jarraian, 19:00etatik 20:30era, bertako arte publikoa ezagutzeko ibilbideak egingo dituzte Ibon Markaidak eta Arantxa Peredak, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren, eta eguneko egitaraua Ana Arsuagak bukatuko du, Verde Prato musika proiektuarekin. Azkenik, igandean, goizeko hiru ekintzekin amaituko da programa: 12:00etan adin guztietako pertsonei zuzendutako ‘Dibujatolrato sin parar’ marrazketa kolektiboko saioa izango da; 13:00etatik 14:00etara Arantxa Peredak bisita gidatua egingo du erakusketan; azkenik, Txaranga Urretabizkaiak Getxoarterako espresuki sortutako soinu piezak aurkeztuko ditu.