Euskal Encounter informatika topaketak 30. edizioa ospatuko du aurten hainbat berrikuntzarekin eta Opengune berreskuratuz. Teknologia berrien arloko profesional eta zaleen bilkurak milaka lagun bilduko ditu Barakaldoko (Bizkaia) BECen uztailaren 22tik 25era. Nobedadeen artean, azpimarratzekoa da ‘streaming’ atal berria, eduki sortzaileei zuzendua.
Gainera, aurreko urteetan antolatutako atalak mantenduko dira: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta ekintza ludikoenak biltzen dituen beste jarduerak deritzona. Edonola ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, 30. edizioak ekarriko duen “albisterik onena” Opengune berreskuratzea izango da.
Topaketan izena eman dutenei eta publiko orokorrari irekitako gunean, informatika sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte eta teknologiaren inguruko hitzaldi eta tailerrak eskainiko dira doan. BECera hurbiltzen direnek parte hartu ahal izango dute guneak izango dituen dozenaka ekintza hezigarri eta ludikoetan. Programatutako hitzaldietan, adimen artifiziala, errealitate areagotua, zibersegurtasuna, konputazio kuantikoa, metaversoa edo ibilgailu elektrikoak izango dira hizpide, besteak beste.
Egitarau osoa www.euskalencounter.org webgunean kontsulta daiteke. Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltelen babesarekin. Telekomunikazioen euskal konpainiak eskaintzen du parte hartzaileentzako Internet konexio bizkorra, segundoko 60Gb-ekoa.
Era berean, Gamegune eta Keen Con elkarteekin elkarlanean, ‘Quake Champions’ bideo jokoaren inguruko aurrez aurreko txapelketa jokatuko da uztailaren 22an eta 23an, eta 2.000 euro banatuko dira saritan. Sei jokalari profesionalek esku hartuko dute lehiaketan Euskal Encounterreko atariko sailkapen txapelketa irabazten duten bi lagunen aurka.