Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni arte eskoizle eta argitaletxea dira 2022. urteko Gure Artea saridunak, ibilbide artistikoa, sorkuntza lana eta arte plastiko eta bisualetan eragileek egindako lana aitortzeko kategorietan, hurrenez hurren. Sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta bisualen eragileek egindako lana aitortzeko saridunak 18.000na euro jasoko dute, eta ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak 20.000 euro, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo da, Donostiako Tabakaleran.
Gure Artea sariak dira arte plastiko eta bisualetan Euskadin ematen diren garrantzitsuenak, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak asteazken honetan eman ditu jakitera aurtengo irabazleen izenak, Gasteizko Artium museoan egindako agerraldian. Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, saridunak eta epaimahaiko kideak ere izan dira ekitaldian. Zupiriak adierazi duenez, “sari hauen helburua artista hauen guztien lana aitortzea da, baina ez da horretan geratzen.
Arte garaikideak gure gizartean eta kulturgintzan duen garrantzia eta eragina nabarmendu, aitortu eta saritzeaz gain, epaimahaiak sarituengan eta beren lanarengan nabarmendu nahi dituen balio eta ekarpen artistiko eta profesionalak euskal gizarteari jakinarazi nahi dizkiogu”. Damaris Pan, Fernando Perez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi izan dira aurtengo epaimahaikideak, eta Lazkanok azaldu ditu beraien erabakiaren arrazoiak, epaimahaiburu bezala.
Horrela, epaimahaiak erabaki du Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jasoko duela aurtengo ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria. Azpimarratu duenez Herrerok duen “obra zabalagatik” eta bere “kalitate artistiko bikainagatik” merezi du aitortza. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea du Herrerok eta, epaimahairen iritziz, “jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da, margolaria, grabatzailea eta eskultorea, eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”.
Epaimahaiak adierazi duenez, artista bilbotarraren “herentzia kulturalak eta garaikidetasunarekiko bere interes erneak XX. mendeko euskal artea ulertzeko funtsezko figuretako bat izatera eraman dute”. Artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa ere azpimarratu ditu epaimahaiak.
NORA AURREKOETXEA ETA CONSONNI
Bestalde, Nora Aurrekoetxea bilbotarrak jasoko du aurten sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea saria. Epaimahaiko kideek azpimarratu dutenez, “egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da”.
Izan ere, epaimahaiaren iritziz, bere lanak “eraginkortasunez” lotzen baititu “artista prestatu izan den diziplina desberdinak”, hau da, arte ederrak, psikologia eta sexologia, “giza harremanen alde emozionalean, eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzeko”.
Azkenik, arte plastiko eta bisualen eragileek egindako lana aitortzeko saria Consonni arte garaikideko ekoizle eta Bilbon egoitza duen argitaletxe espezializatuak jasoko du. 25 urte daramatza euskal artearen panoraman lanean, eta Espainiako Estatuan bakarra da ezaugarri horiek biltzen dituena. Epaimahaiak azpimarratu duenez, “kultura kritikoaren ekoizpena” da Consonniren esentzia.