‘Esazu hitz bat’, Euskaraldiaren hirugarren edizioko abestia

Euskaraldiak hirugarren edizioa iragartzeko abestia aurkeztu du: ‘Esazu hitz bat’. Xabier Zabalaren musikarekin eta Andoni Egañaren hitzekin sortutako kantari bost abeslarik jarri diote ahotsa: Andoni Egaña hitzen egileak berak, Zea Mays taldeko kantari Aiora Renteriak, Petti Berako musikariak, Maddalen Arzallus bertsolari eta kantariak eta Ainhoa Larrañaga musikari eta aktore hernaniarrak.

Abestiarekin batera bideoklipa aurkeztu du Euskaraldiak, eta asteazken honetatik aurrera sarean entzun eta ikusgai egongo dira kanta eta bideoa, https://www.youtube.com/watch?v=PAAV-Do0QzY helbidean, arduradunek prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera handitzea xede duen ariketa sozialaren hirugarren edizioa. Herriz herri osatzen ari diren batzordeak ariketarako prestaketa lanei ekin diete, eta gero eta gehiago dira, aurtengoan ere, Euskaraldira batzen ari direnak.