Karmele Mitxelenak irabazi du Mikel Zarate haur literaturako saria

Karmele Mitxelena Etxebestek idatzitako Marrubizko uda nobelak irabazi du 2022ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamabigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Miren Agur Meabek irabazi zuen duela bi urte, eta iaz antolatu gabe geratu zen.

Dozena bat lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Karmele Mitxelenak idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. Marrubizko uda izeneko istorio honek familia baten xelebrekeriak kontatzen dizkigu kanpin batean uda-pasa, umorez eta ironiaz blai.

Karmele Mitxelena Etxebeste Oiartzunen jaio zen 1988an. Irakasletza eta Haur Hezkuntzako gradua ikasitakoa da; irakasle lanetan dabil, eta horrez gain sari ugari irabazitakoa bai bertsolaritzan (bertso idatzietan batik bat) bai narratiban. 2019an Erakusleihoan album ilustratua argitaratu zuen (urte bereko Peru Abarka saria).

Mikel Zarate haur literatura sariearen irabazleak:

-2010 Asier Mendoza Beste gu

-2011 Julen Gabiria Nire aita ikusezina da

-2012 Gaizka Arostegi Urrezko orrazia

-2013 Irati Bediaga Beldarren hegaldia

-2014 Patxi Zubizarreta Mundua baloi batean

-2015 Arrate Egaña Patioan

-2016 Xabier Olaso Erraldoiak

-2017 Hutsik

-2018 Lur Gallastegi, Saharako itsasoa

-2019 Hutsik

-2020 Miren Agur Meabe, Itsasoko atea

-2021 ez zen antolatu

-2022 Karmele Mitxelena, Marrubizko uda