Donostiako Zinemaldiak Donostia saria emango dio David Cronenbergi

Zuzendari eta gidoilari kanadarrak saria jasoko du Victoria Eugenia Antzokian egingo den gala batean, eta, horren ondoren, ‘Crimes of the Future’ emango da, bere film luze berria

 David Cronenberg (Toronto, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarrak Donostia Sarietako bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan; hala, ohorezko sari nagusia emango dio Zinemaldiak azken mende-erdiko zinemagile berezienetako baten ibilbideari. Irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo da saria emateko ekitaldia, eta, ondoren, Crimes of the Future (2022) filma emango da, Viggo Mortensen, Léa Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituen film luze berria, Cannesko azken zinema-jaialdian parte hartu zuena.

Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisu, Cronenbergek hogei bat film luze zuzendu ditu, eta horien artean, nabarmentzekoak dira hainbat generotako –zientzia fikzioko, beldurrezko filmetako, drama psikologikoen generoko eta thrilleretako– klasiko bihurtu diren obrak. Halaber, telebistarako lan ugari ere sortu ditu.

2004an, Donostia Zinemaldiak Crash (1996) eman zuen Incorrect@s atzerabegirakoaren esparruan, eta hiru urte geroago, Cronenbergek lehen aldiz bisitatu zuen Donostia (oraingoz, ez da gurera itzuli), Eastern Promises (2007) filmarekin Sail Ofiziala inauguratzera eta bertan lehiatzera etorri zenean. Beraz, Donostia Saria jaso duten zuzendarien zerrendan sartuko da kanadarra aurten; besteak beste, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnès Varda, Hirokazu Koreeda eta Costa-Gavras dira zerrenda horretako zinemagile nabarmengarrienetakoak.

Piano-jotzaile baten eta idazle baten semea, David Cronenberg liburu eta komikiz inguratuta hazi zen, eta kultura eta zinemagatiko bere interesa oinarritu zuen horrek. Autodidakta, bere lehen lanak film laburrak –esaterako, Transfer (1966) eta From the Drain (1967)– izan ziren, eta horien ondoren, lehen film luzeak zuzentzen hasi zen, esperimentalak denak, hala nola Stereo (1969) eta Crimes of the Future (1970); azken honen izenburuak bere azken filmaren izenburuarekin bat egiten du. Lehen obra horietan jada ikusten ziren egilearen filmografia ezaugarrituko zuten nolakotasunak: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa, etab.