Bertsolario Txapelketa Nagusiaren egutegi osoa eta bestelako xehetasunak aurkeztu ditu Bertsozale Elkarteak, Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan egindako agerraldian. Txapelketak 14 saio izango ditu eta sarrerak ostegunean jarriko dira salgai, ekainaren 23an, www.bertsosarrerak.eus atarian.
Aurkezpen agerraldian hartu dute parte Gontzal Agote Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak, Idoia Trenor Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Oier Iurramendi 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzaileak eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako bertsozale elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariek. Jakinarazi dutenez, pandemiak eraginda, bost urtera egingo da oraingoan Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta egoerak hobera egin badu ere, Bertsozale Elkartea lanean jarraitzen du “plaza biziberritzeko asmoz”.
Horrela, Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko 14 saioak. Sei saio izango dira lehen fasean, irailaren 24an hasita, eta bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian, eta larunbatero saio bat jokatuko da. Azkenik, abenduaren 18an izango da finala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Aurreko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialdeetako txapelketetan sailkatuek dute parte hartzeko eskubidea.
Horrela, orotara, 42 bertsolarik parte hartuko dute. Lehenengo fasean 36 berrtsolari arituko dira kantuan: bi Arabatik, hamar Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, bost Nafarroatik eta hiru Xilabatik. Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak uko egin diote kantatzeari, eta aurreko txapelketako finalistak direnez, ez da inor sartuko haien ordez. Beñat Lizasok, Etxahun Lekuek, Jokin Urangak, Jon Maiak eta Oide Barrosok ere uko egin diote eskubideari, eta euren ordez kantatuko dute Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imnaol Uriak, Maialen Akizuk eta Patxi Iriartek.
Pandemiak eraginda, azken Txapelketa Nagusitik bost urtera egingo da aurtengoa, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena. Azken urteotan, ahalegin handia egin du Bertsozale Elkarteak tokian tokiko antolatzaileekin, bertso eskolekin eta sortzaileekin beraiekin batera plaza biziberritzeko. “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”, azaldu du Gontzal Agotek. Izan ere, Bertsozale Elkarteak plazaren irakurketa egin du aldian-aldian, eta datu onak dira azken hilabeteetakoak. “OSO BIZI” Idoia Trenorrek adierazi duenez, “azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar. Garrantzitsua da bizitasun hori nondik datorren azaltzea. Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da”.
Ildo horretan, hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu du, sei bertsozale elkarteen, Lanku Kultur Zerbitzuen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik. Hain zuzen, aurkezpenean izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako bertsozale elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.
Oier Iurramendik gogorarazi du, duela astebete iragarri bezala, www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko direla salgai sarrera guztiak, gaur, 09:00etatik aurrera. Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko da, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte, ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu. Halaber, egun horietan finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.