Kortxeak & Krispetak jaialdiaren edizio berria ospatuko da Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, eta, ohiko uztaileko datak aurreratu eta ekainaren amaieran izango da, ekainaren 28tik 30era bitarte, hain zuzen ere. Zortzigarren edizio honetan bi ikus-entzunezko eta kontzertu bat eskainiko dira, Laboral Kutxaren babesarekin.
Oihanederreko iturriek jakinarazi dutenez, ohiko egitarauari jarraituz, musika eta musikariei lotutako filmak eskainiko dira zikloa hasteko. Ekainaren 28an, Danny Garciaren ‘Nightclubbing: The Birth of Punk Rock in NYC’ filma ikusteko aukera izango da: New Yorkeko Max’s Kansas City klub entzutetsuaren eta punk rockari hasiera eman zion hiriko 1970eko hamarkadako rockaren historia kontatzen du.
Ekainaren 29an, berriz, Marokoko gazte rapzaleak izango dira protagonista ‘Casablanca Beats’ dokumentalaren bitartez. Biak ala biak jatorrizko bertsioan emango dira, eta euskarazko azpitituluak izango dituzte, Filmazpit programarekin egindako elkarlanari esker. Dokumentalak Ortuño aretoan emango dira, 19:00etan hasita. Kortxeak & Krispetak jaialdiaren hirugarren egunean, ekainaren 30ean, Liher eta Lamiak taldeek rock doinuak ekarriko dituzte Falerina lorategira 19:00etatik aurrera.
Lide Hernando abeslari eta gitarristak gidatutako Liher taldeak ere rock musikaren adar ezberdinak nahasten ditu. Estilo eta soinu geroz eta pertsonalagoak garatzen joan dira azkenaldian, eta zuzeneko indartsuetan beren aurpegirik sendoena erakusten dute. Lamiak hirukote donostiarrak hainbat estilo jorratzen ditu rockaren barruan, stoner itxurako riffak, 1990eko hamarkadako distortsioa eta gaur egungo soinu modernoaren arteko nahasketak egiten baitituzte beren kontzertu eta diskoetan.
AZKEN TXANPA
Modu honetan, Oihaneder Euskararen Etxea bere zortzi urteko jardunaren azken txanpara iritsi da, ekainaren 30ean itxiko baititu ateak. 2014an bere ibilbideari ekin zionetik 66.500 erabiltzaile gerturatu dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretara. Kopuru orokor horren baitan, Kortxeak & Krispetak jaialdiak 20 film nahiz dokumental eta 13 talderen kontzertuak hartu ditu, eta 2.500 lagun inguru izan dira musika eta zinema uztartzen duen jaialdiaren edizioez gozatu dutenak.
Horrez gain, Oihanederretik gogorarazi dute azken jarduera hauek ere doakoak izango direla, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez hartu beharko direla bi filmetarako astebeteko aurrerapenaz eta ohiko bideak erabilita (astearte honetatik aurrera). Kontzertuaren kasuan, berriz, sarrera librea izango da Falerina lorategiko edukiera bete arte.