Joseba Tapiak Adarra saria jasoko du gaur

Donostia Kulturak urtero musikaren alorrean banatzen duen Adarra Saria Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964) musikariri egokitu zaio aurten. Hala, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera edota Amaia Zubiria musikariek osatzen duten zerrenda potoloan sartuko da.

Gaur bertan, hilak 21, musikariak kontzertua eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 19:30ean hasita, merezitako saria hartu ostean.
Hitzordu horretan, Joseba Tapiak bere azken diskoa, Egon edo ez egon, aurkeztuko du musikari hauek lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorea) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).

Saria ematerakoan musikariak bete egin dituen hainbat aspektu hartu dira kontuan: “Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere.”