Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) Joan Mari Torrealdai beka sortu dute, kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko helburuarekin, bereziki, Torrealdaik berak jorratu zituen esparru nagusietan. Lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, eta bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Hala jakinarazi dute ostiral honetan, prentsa agerraldian, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendariak, Jakineko teknikari Haritz Azurmendirekin eta Joan Mari Torrealdai zenaren seme Manex Torrealdai Gorritirekin batera. Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, aspaldikoa da Usurbilgo Udalaren eta Jakin Fundazioaren arteko elkarlana: 2017az geroztik, Jakin Jardunaldiak antolatzen dituzte, UEUrekin batera.
Horrela, urteotan landutako “konplizitateak eta elkarrekiko konfiantzak” ahalbidetu du orain Joan Mari Torrealdai beka ere elkarlanean sortzea. Uztailaren 31n beteko dira bi urte Torrealdai hil zela, eta haren izena eta izana uztartuko zituen egitasmo bat abiatzeko nahia azaldu zion Usurbilgo Udalak Jakini, alkateak azaldu duenez: “Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio da beka, Torrealdai bere bizitza osoan aritu den horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan, dibulgazioan, etorkizunari so, pertseberantziaz, koherentziaz eta sendotasunez”.
Garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatzen zituen Torrealdaik, Solaberrietak nabarmendu duenez, eta horri eutsi nahi dio beka honek ere. Azaldu duenez, “hari hori ez eteteko bitartekoa izan nahi du beka honek. Haria ez dadin eten. Horixe da, gure irudiko, Torrealdairi egin diezaiokegun aitortza eta omenaldirik onena”. Ideia horrekin bat egin du Lorea Agirrek ere: “Merezi zuen, merezi zuenez, eta merezi du Joan Mari Torrealdaik ikerketa beka hau. Beste edozelako omenaldik edo kale bataiatzek baino zentzu handiagoa du, zeren eta bere obsesio izan zen transmisioa, katea ez etetea eta ikerketa eta pentsamendu bat eratu eta herri baten etorkizunaren zerbitzura jartzea”. Bestalde, Manex Torrealdaik esker oneko hitzak izan ditu, senideen izenean, bekak Torrealdai zenaren lanari segida ematea ahalbidetuko duelako, eta, bere izena ez ezik, izana ere aintzat hartu dutelako. “Diruz lagunduko da, gainera, eta oso garrantzitsua da hori, ikerlariak lasaitasunez eta askatasunez lan egin ahal izango duelako”, gaineratu du.
2022KO DEIALDIA
2022ko Joan Mari Torrealdai bekaren gaia ‘Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean’ izango da, Haritz Azurmendik jakinarazi duenez. Torrealdaik bere obran kultura garaikidearen inguruan egin izan zuen gogoetaren izpiritua ekarri nahi du bekak: garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideka planteatu. Bada, ildo horretan kokatzen da bekaren gaia: “Gaur egun euskarazko kulturaren askotariko arloetan dauden zer eztabaidetatik, zer esperientzietatik atera daitezke etorkizunerako irakaspenak? Non daude etorkizun desiragarriago baten aztarnak gaur egungo euskal kulturan? Edo, alderantziz, nolakoa imajinatzen da gaur egun etorkizuneko euskal kultura desiragarri bat?”.
Bekaren bidez egindako gogoeten edo ikerketen emaitzak askotariko formak izan ditzake: liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea, erakusketa eta beste. Banaka edo taldean parte hartu daiteke, eskakizunak jmtbeka@jakin.eus helbide elektronikora bidalita. Eskakizunak bidaltzeko azken eguna urriaren 24a izango da. Ikerketa proiektuak baloratzeko prozesua itsua izango da, hau da, epaileek ez dute jakingo proiektuen egileak zein diren. Proiektuak baloratzeko hainbat irizpide finkatu dituzte: originaltasuna, ikerketak gizartean izan dezakeen eragina edo interes soziala, egingarritasuna, zehaztasun eta egokitasun maila, eta genero berdintasuna sustatzea. Erabakia deialdia itxi eta hilabetera jakinaraziko dute.
Bekaren irabazleak 14.000 euro jasoko ditu lana egiteko eta 18 hilabeteko epea izango du lanaren emaitza antolatzaileei helarazteko. Izendapena jaso eta bederatzi hilabetera, dena den, irabazlea epaimahaikideekin eta antolatzaileekin bilduko da, lanaren jarraipena egiteko. Lanaren jabetza intelektuala egilearena izango da. Antolatzaileek beren gain hartuko dute lanaren gizarteratzea, beti ere egilearekin adostuta.