Bilboko Udalak sustatzen duen Gau Zuria ospatuko da asteburu honetan, ohiko datetara itzulita. Ekitaldiak bat egingo du Bilboren sorreraren 722. urteurrenarekin, eta gaur eta larunbatean egingo da, ekainaren 17an eta 18an, hiri paisaia aldatuko duten esku hartze artistikoak eskainiz plaza, kale eta espazio esanguratsuetan.
Hain zuzen, besteak beste, eskulturak, instalazio digital eta interaktiboak, “usaintzeko paisaiak”, abesbatzen emanaldiak eta formatu handiko joko tradizionalak egingo dira hiriko 26 lekutan. Gainera, bi ikuskizun ibiltari izango dira hiriko zenbait txokotan zehar.
Enkarnazio eliza, Bilboko Eliz Arteko Museoa, Santiago katedrala, Arriaga plaza, Areatzako pasealekua, Gas plaza, Uribitarte pasealekua, Campo Volantin pasealekua, Bizikidetza plaza, Zabalgune plaza, Bilboko Elkarte Filarmonikoa, CRAI eraikina, Pedro Arrupe pasealekua, EHUko Bizkaia Aretoa, Abandoibarra etorbidea, Deustuko zubia, Euskalduna jauregia, Churruca kaia, Itsasmuseum, Ramon de la Sota kaia eta Casilda Iturrizar parkea dira instalazioak dituzten guneak, eta 19:30etik 00:30era bisitatu ahalko dira.
Gau Zuria ekimenaren programak eskuragarri daude dagoeneko Zabalguneko eraikinean eta Bilboko turismo bulegoetan. Programa horretan zehazten dira instalazio eta ibilbide guztiak.