Berdintasunean lortutako aurrerapenak ospatu ditu BAI SAREAk bere VIII. batzarrean

Bai Sareak zortzigarren biltzarra egin du, eta parte hartu duten erakundeak pozik agertu dira sarea sortu zenetik igaro diren lau urteotan berdintasun arloan egindako aurrerapenekin.

Bai Sarea 72 enpresa eta erakundek osatzen dute. Guztiek dituzte Emakundek ematen duen Berdintasunerako Lankidetza bereizgarria, eta bere baitan berdintasun planak eta diagnostikoak egin dituzte. Sarearen helburua esperientziak eta jakintzak partekatzea da, bai eta tresnak sortzea ere enpresa eta gizarte errealitatea eraldatzeko, lan eremuan genero arrakala murrizteko eta berdintasuna eta justizia soziala balio estrategiko gisa sustatzeko.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak bilkuran azpimarratu du Bai Sareak erakusten duela berdintasunaren alde lan egitea eta erakunde berdinzaleagoak sortzea merezi duela, eta erakundeak animatu ditu sarearen barruan hainbat arlotako lantaldeetan lan egiten jarraitzera. Izan ere, sarearen lana hainbat arlotako lantaldeetan antolatuta baitago: soldata arrakala, erakunde kultura, esperientzia trukea eta komunikazioa.

Horrez gain, planak, jarraipena eta ebaluazioa gidatzen dituen talde eragile bat eta batzorde antolatzaile bat ditu. Landaidak nabarmendu du garrantzitsua dela entitateen artean esperientziak, tresnak eta ikaskuntzak partekatzea, eta eskertu egin du lantaldeetan parte hartzen duten erakundeen inplikazioa, baita 2021-2022 aldirako Ekintza Planaren ezarpena gidatzen ari direnena eta sortutako partaidetza puntualeko guneetan parte hartzen dutenena.

Bai Sarea 2018ko martxoan eratu zen, eta, denbora horretan, soldata arrakala moduko gaietan estrategia komunak adosteaz gain, tresna espezifikoak ere adostu dira sarea osatzen duten enpresetako langile guztien artean zabaltzeko. Sarea osatzen duten erakundeez gain, bileran parte hartzera animatu dira berdintasunaren aldeko konpromisoan urrats bat gehiago eman eta kolektiboki aurrera egin nahi duten erakunde guztiak.