Zinemaldiak atzera begirako bat eskainiko dio Claude Sautet zuzendariari

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioak atzerabegirakoa eskainiko dio Claude Sautet (1924-2000) zuzendari eta gidoilari frantsesari, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan. Gainera, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean argitaratutako liburuen bilduma berri bat inauguratuko da aurtengo edizioan, eta lehen zenbakia Sauteti buruzkoa izango da.

Azken urteetan Donostia Zinemaldiak argitalpenen bilduma oparoa egin du Espainiako Zinematekarekin batera, eta hori amaitu ondoren hasiko da etapa berri hau, jaialdiaren arduradunek jakitera eman dutenez. Besteak beste, Claude Sautet film ospetsu hauen egilea da: ‘Classe tous risques’ (1960), ‘Les choses de la vie’ (1970) eta ‘Max et les ferrailleurs’ (1971). Romy Schneider, Michel Piccoli edo Emmanuelle Beart artistekin egindako kolaborazioengatik ezaguna da Sautet, eta “nolabaiteko bidegurutze batean” kokatu zen zinema frantsesaren historian: ez zen gerraosteko errealizadoreen belaunaldikoa, ez eta Nouvelle Vaguekoa ere.

Montrougen jaio zen 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari laguntzaile gisa, eta Andre Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako 12 bat filmetan lan egin zuen. Laguntzaile lanetan egin zuen filmik garrantzitsuena zeregin horretan jardun zuen azkena izan zen, hots, ‘Les yeux sans visage’ (1960). Georges Franjuren itzal handiko film horretan gidoilari ere aritu zen. Aurretik, bere lehen filma zuzendu zuen, ‘Bonjour sourire!’ (1956), komedia musikal bat, geroago bere filmografiaren zati handienean egin zuenaren oso bestelakoa. Henri Salvador izan zen protagonista, jazza, bossanova, chansona eta rock and rolla landu zituen abeslari eta gitarrista garrantzitsua. Sautet zuzendariaren lehen interesak polar generorantz zuzendu ziren. Genero horretakoa da ‘Classe tous risques’ (1960), Lino Ventura protagonista duena. Nouvelle Vague jaio zen garai horietan eta, Sautet mugimenduko parte izan ez bazen ere, Jean-Paul Belmondok ‘Classe tous risques’ filmean lapur baten rola egin zuen, Jean-Luc Godarden ‘À bout de souffle’ (1960) lanean bezala. Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, bai eta Jose Giovannirekin ere, Jacques Derayren ‘Symphonie pour un massacre’ (1963) filmaren gidoian eta beste zenbait polizia filmetan parte hartu baitzuen. Beste batzuentzako gidoilari lana bere film propioen errealizazio eta idazketarekin txandakatu zuen, beti generoaren barruan; esaterako, Lino Venturarekin batera egin zuen ‘L’Arme à gauche’ (1965), Charles Williams estatubatuarraren euskarri literarioarekin.

1970KO HAMARKADA

Hamarkada aldaketarekin, Claude Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena hasi zuen, Romy Schneiderren eta Michel Piccoliren bultzadari esker -1970eko hamarkadako lehen urteetako zinema frantseseko bikote onenetakoa izan zen-. Beren kolaborazioak ‘Les choses de la vie’ (1970) eta ‘Max et les ferrailleurs’ (1971) izan ziren. Lehenengoan, hiru aldeko amodio baten erpinak izan ziren biak, eta bigarrena bestelako polizia film bat izan zen: Piccolik eta Schneiderrek polizia baten eta prostituta baten rolak egiten dituzte, elkar erakartzen eta arbuiatzen. Adin ertaineko askotariko pertsonaien krisialdi sentimental eta existentzialei buruzko nolabaiteko diptikoaren arrakastak beste tonu bat markatu zuen Sauteten obran.

Drama ilundu egin zen ‘Mado’ (1976) filmean, Piccolirekin egin zuen azkenekoan; ‘Une histoire simple’ (1978), Schneiderrekin egin zuen azken kolaborazioan; eta ‘Garçon!’ (1983) filmean, Montandekin egin zuen azkenekoan. Film guztiek dituzte ardatz amodio desadostasunak eta elkartzeak, azken aukerari heltzeko ideian. Gainera, Sautetek drogazale baten emozio eta familia errehabilitazioa hizpide duen drama bat egin zuen, ‘Un mauvais fils’ (1980), bai eta komedia erromantiko oso bestelako bat ere, Sandrine Bonnaire eta Daniel Auteuil protagonista dituena: ‘Quelques jours avec moi’ (1988). Giovanniren ‘Mon ami le traître’ filmaren gidoia ere idatzi zuen, hari mesedea itzultzeko. Gero, Emmanuelle Beart aktorearekin lan egin zuen, eta berarekin egin zituen bere azken bi filmak: ‘Un coeur en hiver’ (1992) eta ‘Nelly et Mr. Arnaud’ (1995), hiru aldeko amodioei eta ezusteko erakarpenei buruzko drama delikatuak. Bere azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiers kolektiboaren barruan sartu zen. 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantsesek osatzen zuten -besteak beste, Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala-, eta film labur formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: ‘Nous, sans-papiers de France’ (1997).