“Los demonios de barro” eta “Unicorn Wars” euskal filmak, Annecyko Zinemaldian estreinatuko dira

Annecyko jaialdia hasi da, munduko garrantzitsuena animazioaren industriari dagokionez; eta euskal zinemarako albiste garrantzitsuekin dator aurtengo edizioa. Zinemaldiak ‘Unicorn Wars’ eta ‘Los demonio de barro’ filmak aukeratu ditu Sail Ofizialean lehiatzeko, eta horrek bi lanen mundu mailako estreinaldia ekarriko du, erakusleiho paregabean.

‘Unicorn Wars’ filmari dagokionez, nabarmentzekoa da jaialdiak dagoeneko 2021ean erakutsi zuela Alberto Vázquez-en proiektuarekiko interesa, MIFA merkatuko Work In Progress atalean parte hartzeko aukeratu zuenean. Abano Producións, Uniko, Autour de Minuit eta Shmuby Productions enpresek ekoitzitako lanak hartzen eta adarbakarren arteko antzinako gerra kontatzen du, eta bi protagonistek (Azulin eta Gordi anaiek) amaren maitasuna bereganatzeko bizi duten barne gatazkan ere sakontzen du. 

Bestalde, sail berean lehiatuko da ‘Los demonios de barro’, Nuno Beato zuzendari portugaldarraren lana. Sardinha Em Lata, Marmita Film, Caretos Film eta Bilboko Basque Films ekoiztetxeen nazioarteko koprodukzioa da. Rosaren istorioa kontatzen du: neska langile eta aditua da, eta bere enpresan paper oso garrantzitsua du. Baina bizitza aldatu egiten zaio bere senide bakarra, aitona, hil ondoren. Protagonistak dena alde batera uztea erabakitzen du eta hark egindako akatsak desegiten saiatzen da.

Euskal lanen presentzia nabarmena MIFA Annecyn

‘Unicorn Wars’ filmaz gain, Uniko ekoiztetxe bilbotarra MIFA Nazioarteko Animazio Merkatura joango da beste proiektu garrantzitsu batzuekin, hala nola Pablo Polledrik zuzendutako ‘Loop’ film laburrarekin, zeinak aintzatespen ugari lortu dituen nazioarteko merkatuetan. Gizaki bakoitzak ekintza bera behin eta berriz errepikatzen duen gizarte baten errealitatea erakusten du lanak. 

Era berean, bazkideak lortzeko helburuarekin, ‘El sueño de la Sultana’ proiektua ere aurkeztuko dute. Isabel Herguerak zuzentzen du eta hainbat herrialdetan gertatzen diren, eta elkarren artean nahasten diren, hiru istorio kontatzen ditu. Gainera, ‘Nora y la dama de Anboto’ izeneko proiektu berri bat garatzen ari dira eta hura ere eramango dute. Filmeko protagonista, amonari jaramonik egin gabe, basoan sartzen da, familiaren landetxetik hurbil. Han pertsonaia bitxiak ezagutuko ditu, eta gizakien mundura itzultzeko haien beharra izango du.

Bestalde, Dibulitoonek ekoizpen fasean dagoen ‘Yokoren oporrak’ filmari buruzko materiala eskainiko du. Mai, Oto, Vik eta Yoko lagunen istorioa azaltzen du pelikulak: lehen aldiz bananduko dira udaldia igarotzeko, eta horrela ikasiko dute haurrak dauden lekuan beti jolasteko gogoa dagoela. Laura Martelek idatzitako eleberri grafiko batean oinarrituta dagoen ‘Winnipeg, el barco de la esperanza’ ere bertan erakutsiko dute. Zazpi urteko neskato baten eta bere aitaren istorioa kontatzen du. Gerratik Frantziara ihes egin eta bertan oso une gogorrak bizi ondoren, Pablo Neruda buru duen ‘Winnipeg’ itsasontzian Txilera abiatuko dira.

Talka Records eta Fermin Muguruza ere sektoreko profesional garrantzitsuenak batzen dituen merkatu garrantzitsu honetan izango dira ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ filma amaitzeko behar duten finantziazioa bilatzeko asmoz. Bigarren atal honek lehenengo lanaren protagonista zen Manexen alaba Ainhoaren istorioa du ardatz. Halaber, Lotura Filmsek garapenean dagoen ‘Kima & Amik’ telesailari buruzko informazioa eskainiko du. Proiektu honekin Animation Production Days (APD) delakoetara joan ziren eta Cartoon Forum merkatu entzutetsuan parte hartzeko hautatuak izan ziren. Bizitza eta gustu guztiz kontrajarriak dituzten arren, beti elkarrekin jolasteko eta dibertitzeko modua aurkitzen duten bi lehengusuri buruzko telesaila da.

Era berean, iaz, film laburren mentoring programa batean, Zineuskadik Izar Films ekoiztetxearen ‘Azkena’ proiektua saritu zuen, nazioarteko market trip batekin. Hura datorren asteazkenean gauzatuko da, 10:30ean, Alca-Nouvelle Aquitainerekin batera antolatutako pitching saio batekin. Lana Ane Inés Landetak eta Lorea Lyonsek zuzendu dute eta amatasunari buruzko hausnarketa sakona egiten du. Jardunaldiaren helburua da zinemagileek beren proiektua lehen aldiz nazioarteko audientzia bati aurkeztea.