Photo-Araba, lurraldeko argazki historikoen atari berria

Arabako Agiritegiak Photo-Araba Interneteko atari berria jarri du martxan (https://photo.araba.eus/), Arabako Foru Aldundiak gordetzen duen argazki ondarea zabaltzeko. Argazkien bidez, Arabako azken ehun urteetako bilakaera politikoa, soziala eta ekonomikoa dokumentatzen du atariak, hala nola paisaian eta herrietan izandako aldaketak eta arabarren bizimoduaren eta ohituren eraldaketa.

Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Pepe Sainz Varela Arabako Agiritegiko zerbitzuburuak aurkeztu dute Photo-Araba, prentsa agerraldi batean. Jakinarazi dutenez, ataria abian jarri da 15 argazki funts eta bildumetako 50.000 irudi argitaratuta, besteak beste, Baraibar, Varona, Ibarrondo, López de Guereñu, Vicente Lopez, Schommer Koch, L&P Fotógrafos, Apraiz eta Gonzalo Busto bildumetakoak. Photo-Araba “etengabe hazten ari den proiektua” dela nabarmendu dute, Arabako Agiritegiak irudi bolumen handia duelako.

Lehenengo helburua da 2023 amaitu baino lehen 100.000 irudira heltzea. Horrela, atariak prozedura erraza du interesdunek ekarpenak egin ahal izateko, bai informazio gehigarriarekin bai beste irudi batzuekin.

Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak lehentasunezkotzat jotzen du ondare grafiko baliots hori ezagutaraztea, katalogatzen ari den aldi berean. Del Valek gogorarazi duenez, “nahiz eta kultura ondarea kontserbatzea eta babestea administrazio publiko guztien funtsezko zeregina izan, kultura ondasunen kontserbazio hutsera mugatzen den kultura politika ez da nahikoa”. “Kultura erakundeek ez dute ezagutza biltegi hutsak izan behar, ezagutza fabrikak baizik. Horixe da artxibo, liburutegi eta museoen legitimitate soziala: herritarren aberastasun kulturala handitzen laguntzea, gordetzen duten ondarea ezagutaraziz, hura irekiz eta partekatuz”, gaineratu du.

Bestalde, Sainz Varelak Photo-Arabaren funtzionamenduaren ezaugarri tekniko nagusiak azaldu ditu, hala nola ataria garatzeko software librea erabili dela, gordailu digital gisa konfiguratuta dagoela (Euskariana, Hispana eta Europeana biltzaileei lotu ahal izango zaie) eta jabari publikoa sustatzen duela. Horrela, Arabako Foru Aldundiaren bilduma propioko argazkiak libreki eta doan erabili ahal izango dira.