30 konpainia eta artistek parte hartuko dute Gasteizko KaldeArten

Kaleko Arteen Erakustaldiak 56 ikuskizun aurkeztuko ditu publiko guztientzat.

Bihar, ostiralean, hasiko da Gasteizko Kaleko Arteen KaldeArte Erakusketaren 16. edizioa, eta igandera arte iraungo du. Ekitaldia mugarik gabe egin ahal izango da Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura Zinegotziak azaldu duen moduan, gaur goizean Monterhermoso Kulturunean egindako prentsaurrekoan.

Hiriko uda kulturalari hasiera ematen dion jaialdian haien lanak aurkeztuko dituzten 30 konpainia eta artisten 4 ordezkari izan dira prentsaurrekoan.

Doos kolektiboko Eva Guerrerok ‘Lof Ladies On Fight’  proposamena aurkeztu du, eta Deabru Beltzak taldeko Garbitxuk ‘Senta’ ikuskizunaren inaugurazioaren xehetasunak eman ditu. Hortzmuga antzerkiarekin batera egin dute ikuskizuna. Altraste Dantza konpainiako Zuriñe Benaventek, bestetik, ‘Como pez en bicicleta’ lanaren arrazoiak azaldu ditu.

Ekimen honi esker, hiriko kale eta plazek dar-dar egingo dute 56 ikuskizunekin. “Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditugu KaleArteren XVI. edizioan parte hartzera. Zuzeneko arteekin lotzen gaituen ekitaldia da. Kaleak hartzeko unea da, mugarik gabe”, gehitu du zinegotziak.

‘Senta’ inaugurazioko ikuskizuna bihar izango da, ostiralean, 22:00etan. Ikuskizun ibiltaria izango da eta Arka plazatik atera eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da. Richard Wagnerren ‘Herbeheretar Alderraia’ lanean oinarritutako zuzeneko rock opera eta ikuskizun piroteknikoa da.