Abian jarri da elkargo profesionaletan euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat

Elkargo profesionaletan euskararen erabilera bultzatu nahi duen ‘Elkargoak Euskaraz’ izeneko proiektua aurkeztu dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Metropoli-30 elkarteak eta profesionalen elkargoek. Ekimenak 12 elkargo profesionalen atxikimendua jaso du eta 13.000 elkargokide ingurura iritsi da. 

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Idoia Postigo Bilbao Metropoli-30eko zuzendari nagusiak, Maite Morillo Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanordeak eta Xabier Aparicio arkitekto eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Bizkaiko ordezkaritzako kideak hartu dute hitza Bizkaiko Abokatuen Elkargoan egindako aurkezpenean. 

Azaldu dutenez, Bilbao Metropoli-30 elkartea BasquePRO proiektuan ari da lanean 2011tik, profesionaltasunarekin lotuta, etorkizunaren balio paradigmatiko gisa. Proiektu horren esparruan, BasquePRO Elkargoak elkargo profesionalen sarea sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) elkargokide diren 50.000 profesional inguru ordezkatzen dituena. 

Sarea guztion intereseko proiektuetan elkarrekin lan egiteko helburuarekin biltzen da. Ekimen horietan, elkargo guztien elkarlanak eta batasunak gizarte zibila gehiago egituratzeko aukera ematen dute, profesionalei haien bizitzan zehar laguntzen dien erakundeak direlako.  Bada, BasquePRO Elkargoak sarearen ekimen berria ‘Elkargoak Euskaraz’ da, elkargo profesionaletan euskararen erabilera sustatzeko proiektua. “Elkargoetan euskalduntzeko prozesua eta euskara sustatzeko prozesuak abiatzeko eta garatzeko denon artean egiteak lana errazten du, eta, aldi berean, BasquePRO Elkargoen sarea indartzen da, jarduera partekatuak tartean sartzen direlako”, adierazi dute. 

Proiektuak 12 elkargo profesionalen atxikimendua jaso du, 13.000 elkargokide ingurura iritsi da, eta hainbat zerbitzu eskaintzen zaie, hala nola oinarrizko ezagutzak eskuratzeko prestakuntza pilulak, terminologia zerbitzua, zalantzak argitzeko zerbitzua edota euskaraz lan egiteko lan tresnei buruzko informazioa. Gainera, elkargoetako langileentzako euskara eskolak ere eskaintzen dira. 

Bizkaiko Abokatuen Elkargoak, Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzak, Arabako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoak, Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza Elkargoak, Bizkaiko Gizarte Langintzaren Elkargoak, Bizkaiko Graduatu Sozialen Elkargoak, Bizkaiko Haginlarien Elkargoak, Gipuzkoako Gizarte Langintzaren Elkargoak, Euskadiko Herrilanetako Ingeniari Teknikoen Elkargoak, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, Euskadi, Burgos eta Errioxako Kimikari eta Ingeniari Kimikoen Elkargoak, Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Bilbao Metropoli-30ek parte hartzen dute proiektuan. Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestu dute ekimena. 

ETEKINA ENPRESARI

Bingen Zupiriak Jaurlaritzak ekimenari ematen dion babesa azaldu du agerraldian, orain arte euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen hasteko edo jarraitzeko erabakia hartu ez duten elkargokideei lagunduz. 

“Izan ere, hizkuntzak kudeatzeak etekina dakarkio enpresari: balio erantsia, lehiakorragoa da, kalitatezko zerbitzua eskaintzen duen enpresa delako bezeroari zerbitzua bere hizkuntzan eskaintzen diona. Talentua erakartzeko eta eusteko ere balio du hizkuntzak kudeatzeak”, ziurtatu du.  Lorea Bilbaok ere Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak proiektuari hasieratik eman dion babesa zehaztu du: “Aukera eman behar zaie gazteei behin lanerako saltua eginda. Euskaraz normaltasunez aritzea ezinbestekoa dugu euskararen erabilerak aurrera egingo badu, eta euskal hiztunok euskara gero eta gehiago erabiliko badugu.”  Idoia Postigok proiektuaren jatorria eta helburuak errepasatu ditu, eta nabarmendu du lan eta prestakuntza arloan euskararen erabileran aurrera egiten laguntzen duela. Gainera, “gure gizarteko beste esparru batzuetan errepikatzeko moduko ekimena” dela ziurtatu du. 

Maite Morillok Bizkaiko Abokatuen Elkargoak euskara bultzatzen daramatzan lau hamarkadak gogoratu ditu: “1980ko hamarkadan euskara eskolak ematen hasi ziren, gero abokatu euskaldunen lantaldea sortu zen eta orain badugu euskara plan bat indarrean. Hori guztia errazago egiten da beti bidelagunak izanda eta partekatuta. Hori da ‘Elkargoak Euskaraz’ proiektuaren aberastasuna”.  Azkenik, Xabier Apariciok parte hartu duen elkargo profesional baten esperientzia, proiektuan izan duen inplikazioa eta jarduerak azaldu ditu: “Erakunde publikoen laguntzarekin, elkargoen jarduera osoan eta haien inguruan sortzen den ekosisteman euskara ohiko hizkuntza normalizatua izateko bidean aurrera egiten ari gara”.