Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza plazaratu du

Euskaltzaindiak hirugarren aldiz kaleratu du antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza, Bilboko Udalaren babesarekin. Laguntza 800 eurokoa izango da, gehi beste 1.200 euro lana 2023ko Lautan Hiru jaialdian estreinatzen bada.

Akademiak jakinarazi duenez, helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, batez ere, antzezlan laburren sorkuntzari lagunduta. Horrez gain, hautatutako lana jendaurrean estreinatzeko aukera ere emango zaio sarituari (epaimahaiak hala baderitzo, ekoizpenaren jarraipena egin ostean).

Antzezlanek, gehienez ere, 30 minutu eta, gutxienez, 15 minutuko iraupena izan behar dute. Testuek euskaraz idatzita egon behar dute. Antzezlanak jatorrizkoak eta estreinatu gabekoak izan behar dira, hau da, ez da beste hizkuntza baten itzulpenik edo antzezlan luzeago baten moldaketarik onartuko. Era berean, ez dira onartuko antzerako beste laguntzaren bat jaso duten piezak.

Lanak areto txikietan antzezteko modukoak izango dira, hau da, formatu txikikoak, giza baliabide eta beharrizan tekniko gutxi eskatzen dutenak, alegia. Bakarrizketak onartuko dira. Gaia eta moldea libreak izango dira.

Epaimahaia Lautan Hiru antzerki jaialdiko arduradunek osatuko dute, eta lan bakarra hautatuko du, baina laguntza ez ematea ere erabaki dezake. Epaileen erabakia apelaezina izango da. Saria 800 euroko laguntza izango da gidoiari, gehi beste 1.200 euro antzezlana 2023ko Lautan Hiru jaialdian estreinatzen bada (epaimahaiak erabakiko du hori, ekoizpenaren jarraipena egin ostean).

Gidoiak bidaltzeko epea urriaren 14an amaituko da, eta parte hartu nahi dutenek lanari buruzko ahalik eta informazio gehien bidali beharko dute posta elektronikoz: taldearen izena; jatorrizko testua (testu-fitxategi batean edo PDF formatuan); antzezlanaren zuzendariaren eta gidoilariaren izenak; antzezleen izenak; laburpena; gutxi gorabeherako iraupena; antzezteko tokiaren ezaugarriak eta beharrizan teknikoak eta piezaren bideo laburra -lagin bat- ere lagungarria litzateke.

Informazioa posta elektronikoz bidaliko da Euskaltzaindiaren info@euskaltzaindia.eus helkbidera, mezuaren gaian hauxe adierazita: ‘LAUTAN HIRU antzerki-ekoizpenari 2023ko laguntza’. Ikuskizunaren jabetza eta lana beste kulturgune batzuetan antzezteko eskubidea muntaia egiten duen talde edo konpainiarena da, baina etorkizunean egingo lituzketen emanaldien publizitatean beren-beregi azaldu beharko litzateke ‘LAUTAN HIRU ekoizpen-laguntza’ jaso duela.