Arte eszenikoen arloko pieza laburreko proiektu proposamen bat sarituko du 2022ko Sormen Beka DA! ekimenak. Irabazten duen norbanako edo taldeak 15.000 euroko dirulaguntza jasoko du.
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bosgarren urtez abian jarri duten deialdiak, antzerki, zirko, dantza, performance, magia edo bestelako diziplinarekin lotutako lana aukeratuko du. Ekimenak, beste kultur disziplina batekin uztartutako proiektuak ere aintzat hartuko ditu.
Sormen Beka DA! deialdiaren helburua “euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da”, antolatzaileen esanetan. Horregatik, aurkezten diren proposamenak, “zirkuitu profesionalean bere lehen edo bigarren lana” izan behar dira.
Epaimahaiak kontuan izango du proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa. Beka eskuratzen duenak, antolatzaileen laguntza izango du sorkuntza prozesua lantzeko eta plazaratzerako.
Proposamenak aurkezten dituztenak 18 urtetik gora izan behar dituzte, eta datorren irailaren 21a arte aurkeztu daitezke gerediaga@durangokoazoka.eus posta elektronikora bidalita.
Aurreko lau edizioetako irabazleak, literaturaren arloko ‘ATOPIArpg’ euskarazko rol jokoa (2018); musika arloko ‘Kai Nakai’, Iratxe Agileraren lehenengo lana (2019), ikus-entzuneko ‘Bañolet’, lau ataletako telesaila (2020); eta bideo-jokoen arloko ‘Barraka’, 2021ean saritua 57. Durangoko Azokan estreinatuko da.