Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamabosgarren edizioak aurten Ramon Saizarbitoriaren “Martutene” eleberria izango du protagonista.
Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten duten ekimena Arriaga Antzokian izango da, ekainaren 8an, asteazkena, 08:00etatik 14:00etara. Hau da, eta azken bi edizioarekin gertatu zen bezala, aurten oraindik formatu murriztua izango du ekitaldiak, pandemiaren gorabeherak direla eta.
“Martutene” garai oso bati (1989tik 2012ra hedatzen den aroari) amaiera ematen dion eleberria da. Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, bortizkeriarena, gastronomikoa, artistikoa, musikakoa eta abar.
200 PARTEHARTZAILE
Ramon Saizarbitoriak berak irakurriko ditu “Martutene”ren lehenengo lerroak Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etan, ekimenari hasiera emanez, eta ondoren, beste 200 bat pertsonak hartuko dute parte etenik gabeko irakurketan. Ohikoa denez, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu pasarteak jendaurrean. Instituzio guztietako ordezkariak, elkartekideak, kultur eta gizarte eragileak, ikasle eta irakasleak, besteak beste, pasatuko dira Arriagatik beren tartea irakurtzera.
Oraingoan Bilboko institutuetako ikasleek ere parte hartuko dute, eta horretarako gazte bakoitzak bi minutu inguruko pasarte bat irakurriko du. Zehatzago, ikasleek euskarri digitalean grabatuko dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira Irakurketa osatzeko. Modu birtualean ere sartuko dira diasporaren partaideak, 50 euskal etxeren bitartez.
Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean etengabeko irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere. Bestalde, Zazpi Kaleko eta Abandoko Metro Geltokietan, aurreko edizioetako argazki eta kartelez osatutako erakusketa izango da ikusgai egunotan.
Aurreko urteetan, Axularren “Gero”, Mogelen “Peru Abarca”, Jon Miranderen “Haur besoetakoa”, Saizarbitoriaren “Hamaika pauso”, Arantxa Urretabizkaiaren “Zergatik panpox”, Bernardo Atxagaren “Obabakoak”, Gabriel Arestiren “Harri eta herri”, Sarrionandiaren “Narrazioa Guztiak”, Franz Kafkaren “Metamorfosia”, Itxaro Bordaren “%100 Basque”, Txomin Agirreren “Kresala”, Anjel Lertxundiren “Otto Pette”, Mariasun Landaren “Ipuinak” eta Bernat “Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae” irakurri ziren.
RAMON SAIZARBITORIA
Ramon Saizarbitoria Zabaleta (Donostia, 1944) euskal literatura modernoaren aintzidaritzat jotzen dena, 64ko belaunaldia deitutakoaren baitan. Egunero hasten delako eleberriarekin abiarazi zuen bere ibilbide literarioa 1969. urtean, eta geroztik ia etengabe jardun du literaturan, “Ehun metro” (1976), “Hamaika pauso” (1995) edota “Gorde nazazu lurpean” (2000) bezalako obrak idazten.
“Martutene” 2012 urtean plazaratu zuen. Luzaera handikoa, bi bikoteen harremanak kontatzen ditu, atzerritar neska gazte bat tarteko, eta Donostiako Martutene auzoan kokatuta dago. Hainbat arlo jorratzen ditu Saizarbaitoriak eleberri honetan: idazlearen lana, medikuntza eta Euskal Herriko gatazka besteak beste. Euskadi Saria jaso zuen eta kritiko zenbaiten arabera, euskal literaturaren azken aroetako eleberri onena da.
BILBO ZAHARRA FORUM
Bestalde, Bilbo Zaharra Euskaltegiak hitzaldi sorta bat antolatu du “Martutene”ren inguruan. Otsailean egin zen lehenengo txanda eta datozen egunetan, beste bi eskainiko dira.
Horrela, ekainaren 6an, Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hartuko dute parte eta ekainaren 7an Laura Mintegi eta Ur Apalategi arituko dira. Solasaldiak Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barrian) izango dira, 19:00etan.