Sormena espazio publikora eramanteko asmoz dator Getxophoto

Ekainaren 26ra arte ospatuko den Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdia ostegunean, hilak 2, hasiko da, asteburu honetarako egitarau trinkoarekin.

Jon Uriartek komisariatua, hirugarren urtez jarraian, eta “Imajinatu” leloarekin, nazioarteko 20 artista ingururen erakusketak izango dira ikusgai (gehienak aire zabalean) Algortako erdigunean, Ereaga hondartzako pasealekuan eta Romo Kultur Etxean. Aurten, berrikuntza gisa, Punta Begoña Galerietan, Algortako Kasinoan eta Portu Zaharreko “Daduena” etxearen fatxadan ere bai.

Asteburua

Osteguneko jardunaldiari, ostiral honetan, hilak 3, ikasleentzako eta irudiaren profesionalentzako Itxialdia izeneko lan eta gogoeta jardunaldia gehituko zaio, Punta Begoñan. Ostiralean bertan, arratsaldeko 19:00etan, inaugurazio ofiziala egingo da Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, parte hartuko duten artisten presentziarekin.

Apirilaren 4an, larunbata, jaialdira egingo den ohiko bisita berezia izango da, 11:00etan San Nikolas plazatik irtengo dena, eta 19:30ean, Clare Strandengo All That Hoopla instalazioa inauguratuko da Algortako Kasinoan.

Igandean, hilak 5, 11:00etan, Punta Begoñako Galerietan, Open weather taldeak Ezinezko estazio metereologikoa izeneko jarduerarekin esperimentatzeko aukera emango du.