Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia Elkarteak bideojokoei buruzko euskara hutsezko liburua argitaratu berri dute. Bi argitaratzaileok Bilbon antolatzen duten Jokoteknia, Euskal Bideojokoen Jardunaldien 2018ko, 2019ko eta 2020ko edizioen hitzaldien idatzizko bilduma da.
Azkue Fundazioak Bizkaiko liburutegi publiko guztietara paperezko kopia bat bidali du, bizkaitar guztiek eskura izan dezaten. Bestalde, kopia digitala PDFn eta dohainik deskargatu daiteke esteka honetatik.
Aurkezpena Twitchen
Liburua ekainaren 3an, ostiralean, aurkeztuko da 18:30ean, Game Erauntsiaren Twitch kanalean. Aurkezpena liburuaren editoreak bideratuko du, Maitane Junguituk, eta berarekin batera liburuko kapitulu baten egile bat ere izango da, Itziar Zorrakin gameplay programatzailea eta itzulpengintza doktoregaia.
Hiru urteko lana
Jokoteknia jardunaldiak iraultzaileak dira bideojokoetara euskaraz hurbiltzea ahalbidetzen dutelako. Horregatik, argitaratzaileek ezinbestekotzat jo dute hainbat urtez egin diren aurkezpenak idatziz biltzea eta zabaltzea.
Guztira hamalau testu batzen ditu liburuak. Gaiak askotarikoak dira, guztiak bideojokoen ingurukoak: besteak beste, euskal bideojokoen historia, ekoizpena, diseinua eta animazioa, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa lantzen dira argitalpenean. Autoreen artean nazioarteko enpresa handietan lan egiten duten profesionalak daude, hala nola Euskal Herrian lan egiten dutenak eta kanpoko gonbidatu bereziak, Frantziatik eta Kataluniako ekarpenak jasota.
Emakumeei ikusgaitasuna emateko
Bideojokoen arloan ere oraindik genero arrakala egonda, esanguratsua da autoreen artean hiru emakume daudela: Jone Zalduegi Urresti Emoki Elkarteko Hezkidetza eta sexualitate arloko arduraduna; Itziar Zorrakin Goikoetxea Gameplay programatzailea eta UPV/EHUko itzulpengintza doktoregaia eta Laura Santamaria Universitat Autònoma de Barcelona-ko ikus-entzunezko itzulpen irakaslea. Gainera, liburuaren editorea Maitane Junguitu Dronda da, komunikazioan doktorea eta Game Erauntsiko kidea.
Jokoteknia V
2022ko Jokoteknia jardunaldien prestaketa martxan dago eta azaroan egitea espero dugu. Gainera, posible bada, etorkizunean 2021eko eta 2022ko Jokotekniako hitzaldiekin bigarren liburuxka bat argitaratzeko asmoa dugu.