Bilboko Udalak kartel lehiaketa jarri du martxan 2022ko Aste Nagusia iragarriko duen irudia hautatzeko, eta lanak aurkezteko epea datorren igandean, amaituko da, ekainaren 5ean. Nobedade gisa, lanak sarean aurkeztu behar dira aurten, www.bilbao.eus webgunearen bitartez, eta parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu, gehienez.
Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ostean, Aste Nagusiaren 42. edizioa abuztuaren 20tik 28ra izango da, eta, lehen urrats gisa, Bilboko Udalak ohiko kartel lehiaketarako deialdia egin du, jaien irudia hautatzeko. Aurten, gainera, nobedadeak izango dira. Horrela, lehenengo aldiz, Bilboko jaiak iragartzeko lanak aurkeztu nahi dituztenek, sarean egin beharko dute, udal webgunean.
Sortzaileek datorren igandeko 23:59ra arte izango dute beren lanak aurkezteko epea. Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere diseinu grafikoaren profesionalek nahiz amateurrek parte hartu ahalko dute, edozein nazionalitatekoak direla ere. Gehienez lan bi aurkeztu ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak. Lanok argitaragabeak izan beharko dute, eta titulu edo lelo bat izan.
Dibertsitatea baloratuko da, alegia, rolak eta estereotipoak saihestea. Bilboko Udalak baldintza gisa ezarri du kartelean honako testu hau agertzea: ‘ASTE NAGUSIA. BILBAO 2022. ABUZTUAK 20-28 AGOSTO’. Kartelen lehen hautaketa epaimahai batek egingo du. Bederatzi kidek osatuko dute epaimahai hori: diseinu grafikoaren eta komunikazioaren alorreko bost lagunek, udaleko hiru ordezkarik eta Bilboko Konpartsen ordezkari batek.
Beste urte batzuetan bezala, epaimahaiak sei kartel hautatuko ditu, eta, ekainaren 8tik 15era bitarte herri bozketa egingo da. Bozketa sistema mistoa da, herritarrek Aste Nagusiko irudia aukeratzeko prozesuan parte hartzea errazteko: batetik, herri bozketa dago (presentziala edo udal webgunearen bidezkoa, komunikabideen laguntzarekin), eta, bestetik, epaimahaiarena. Epaia ekainaren 20an emango da ezagutzera eta irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.