Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak aste honetan onartu du edozein bitarteko edo hedapen euskarritarako ikus-entzunezko proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdia (film luzeak, serieak edo miniserieak).
Ekoizpenak 2022tik 2023ra bitarte prestatu eta diseinatu beharko dira, eta guztira 400.000 euro banatuko dira: 200.000 euro film luzeak garatzen laguntzeko, eta beste horrenbeste telesailak eta miniserieak garatzen laguntzeko. Diruz lagundu daitezke obraren egilearen eskubideak eskuratzea, gidoiaren garapena (berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena), sustapen materiala diseinatzea eta lantzea, marketin eta banaketa plana garatzea, merkatu eta koprodukzio foroetara joatea, aktoreen hautaketa egitea eta kokapenak bilatzea, ikerketa dokumentala, grafikoa eta artxiboak bilatzea, langile gastuak, aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat eta gastu orokorrak.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, film luzetzat joko da “ikus-entzunezko, fikziozko, animazioko edo dokumentaleko obra bat, 60 minutuko iraupena edo luzeagoa duena eta zinema aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko dena”. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da fikzioaren eta dokumentalaren kasuan, eta 40.000 eurokoa animazioaren kasuan. Serieen kasuan, ikus-entzunezko proiektutzat hartuko dira, “fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez 135 minutuko iraupen globala duten ikus-entzunezko proiektuak, gutxienez lehen denboraldiari dagozkion hiru kapitulu dituztenak, eta zinema aretoetan, telebistetan edo bestelako zabalkunde moduetan merkataritza ustiapenerako direnak”.
Halaber, miniserietzat joko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak, baldin eta gutxienez bi kapitulu eta gutxienez 90 minutuko iraupen globala badute. Proiektu horiek aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkataritza-ustiapenerako izan behar dute”. Aurkezten diren fikziozko edo dokumentaleko serie edo miniserieek gehienez 35.000 euroko laguntza jasoko dute.
Animazioko serieen eta miniserieen kasuan, gehieneko laguntza 45.000 eurokoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ekainaren 9tik uztailaren 8ra bitarte. Iazko deialdian 16 film luze eta bost serie lagundu ziren diruz.