Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Iurretan izango da, ekainaren 18an

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 34. edizioak 14 eta 18 urte bitarteko bertsolari gazteak elkartuko ditu Iurretan (Bizkaia), ekainaren 18an. Ordurako bere bidea egina izango du lurraldeetan, horietan sailkatutako gazteek hartzen baitute parte jai giroan egiten den Euskal Herri mailako azken saioan. Sarrerak eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Eskolartekoa izan zen egiten lehena: zenbait kanporaketa saioren ondotik, June Aiestaranek jantzi zuen txapela finalean, eta Jon Mendiluze izan zen txapeldunorde. Pasa berri den asteburuan egin ziren Arabakoa eta Nafarroakoa, eta Maddi Agirre eta Danel Herrarte arabarrak eta Nafarroako Beñat Astiz eta Eki Mateorena sailkatu ziren Iurretako hitzordurako.

Bizkaiko Eskolartekoaren finala larunbatean egingo da, maiatzaren 29an, Larrabetzun, eta egun osoko festa antolatu da, taldekakoaren finala ere han egingo baita. Azkenik, ekainaren 4an, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokion Eskolartekoaren finala egingo da Itsasun. Horiek amaitutakoan ezagutuko dira Euskal Herriko Eskolarteko saiorako parte hartzaileen zerrenda osoa. Euskal Herriko Eskolartekoa ekainaren 18ko 11:30ean hasiko da, Iurretako frontoian, eta saioa amaitutakoan mokadua eskainiko da bertan.

Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan dute. Bertsozaletzea eta gazteei jendaurrean kantuan hasteko aukera ematea du helburu egitasmoak. Bat-bateko txapelketa honetaz gain, lurralde bakoitzean bestelako ekintzak ere egiten dira eskolartekoari lotuta: idatzizko txapelketa edota adin txikiagokoentzako lehiarik gabeko topaketak.