“Antzezmetraia” eta “Espazioa” diziplina arteko proiektuak garatuko dira TopAraba egitasmoan

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak bigarren urtez antolatu dute Top Araba, euskarazko kultura sormena sustatzeko egitasmoa, eta Beñat Fontaneda, Aitor Vinagret, Ainhoa Imaz eta Josune Velez de Mendizabalen ‘Antzezmetraia’ eta Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okaberen ‘Espazioa’ diziplina arteko lanak izango dira datozen hilabeetan garatuko direnak.

Egitasmoen aurkezpenean jakinarazi dutenez, 7.500 euro banatuko dira bi proiektuak laguntzeko: ‘Antzezmetraia’ proiektuarentzat 4.500 euro, eta ‘Espazioa’ lanarentzat 3.000 euro. Egileek 12 hilabeteko epea izango dute beren egitasmoak osatzeko. ‘Antzezmetraia’ diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lan bat sortzeko proiektu kolektiboa da.

Proiektu pilotu gisa, eta esperimentazioaren bitartez, ikus-entzunezko lanak sortuko dituzte lau egileen artean, zinemaren eta antzerkiaren lengoaien arteko fusioaren emaitza izango direnak. Horrez gain, prozesu eta metodologiaren aplikazioa erakusten duen ‘making-of’ bat grabatuko dute. Bestalde, ‘Espazioa’ Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako obra eszeniko bat da, non antzerkiak zinemak, magiak eta musikak topo egiten duten.

Lan honetako protagonista astronauta bat da, espazio ontzia Lurraren parean aparkatuta duena. Bertatik, planetak gaur egun dituen konplexutasunei aurre egiteko gizabanako eta gizarte gisa ditugun alternatibei buruzko hausnarketa egiten du. Oihaneder Euskararen Etxeak Top Araba egitasmoaren bigarren edizioaren balorazio baikorra egiten du. Izan ere, euskal sorkuntza bultzatzeko helburuarekin bat egiten baitu egitasmoak, eta urtetik urtera diziplinarteko egitasmo berriak garatu eta ekoizteko aukera paregabea lortzen baita.