‘#badon’ proiektua, Korrika-AEK kultur sorkuntzarako bekaren irabazle

#badon proiektua (http://badon.eus/) da aurtengo Korrika-AEK kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea. Proiektuaren “ordezkari” Olatz Salvador eta Ines Osinaga izan dira aurrezpenean, eta, bideo baten bidez, “haiekin batera arituko diren gorputz konplizeen aurpegiak azaldu dira”.

Kultur sorkuntzarako bekaren irabazlearen izena berri emateko prentsa agerraldia asteazken honetan izan da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. AEK-k, Korrika Kulturalaren bidez, lan bat saritzen du bi urtean behin. Bekaren xedea da euskal kulturaren baitako sormen lanak bultzatzea, eta, 23. Korrikatik aurrera, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea. Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 23. Korrikako kultur egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2023ko azarotik 2024ko apirilera, hain zuzen.

Deialdiaren oinarrien arabera, urtarrilean amaitu zen proposamenak aurkezteko epea, eta, “oso maila oneko” 13 egitasmo aurkeztu dira. Epaimahaiaren lana “zail-zaila” izanik ere, AEK-Korrikako ordezkariak “oso pozik” geratu dira bekak izan duen harrerarekin. Maria Rivero, Amaia Merino, Aguxtin Alkhat, Yurre Ugarte eta Irantzu Lekue izan doira epaimahaikide. Azpimarratu dute aho batez erabaki dute beka #badon proiektuari ematea.

Aintzat hartu dute egitasmoak sorkuntza prozesuari emango dion garrantzia, sormen laborategi kolektiboa sortuta. “Ikuskizun bat egongo bada ere, harago doan proposamena dugu eskuartean, oinarri bat utzi nahi duelako aurrera begira lantzen jarraitzeko, markoak eraikitzeko eta prozesuak bultzatzeko. Hori gutxi balitz, orain arte ertzetan egon diren ideiak, ahotsak, gorputzak eta abar erdigunera ekartzeko proposamena egiten duelako”, azaldu dute.

SORMEN LABORATEGIA

#badon proiektuak diziplinarteko hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi bat proposatzen du. Euskal literatura, musika, arte plastiko nahiz irudizko, antzerki, dantza eta bestelako adierazpenen inguruan gorpuztuko da bidea, artista garaikide desberdinek diziplinen arteko zubiak eta elkarlanak bultzatuz.

Euskal kulturaren transmisiorako egitasmo sendoak eraikitzea da erronka, horretarako eragile desberdinak saretzeko egiturak harilkatuz. “Gu egiten gaituen hori ez dela neutroa, iritsi zaizkigun kultur erreferentziek gizarteko botere harremanak islatzen baitituzte” aintzat hartuta, besteak beste, proiektuaren xedea da genealogia kulturala errebisatzea, zalantzan jartzea eta osatzea.