Euskara Aurrera ekimenak euskararen aldeko “herri olatu bat” eskatu du

‘Euskara Aurrera’ lelopean joan den larunbatean Donostian egin zen manifestazioko ordezkariek egitasmoaren inguruko balorazioa egin dute astearte honetan, eta, besteak beste, euskararen aldeko “herri olatu berri bat” eta euskararen lurralde osoan hizkuntza politika berriak behar direla nabarmendu dute.

Larunbateko ekimenaren balorazioa egiteko prentsa agerraldian Gazte Euskaltzaleen Sareko Malen Frantsesenak eta Pantailak Euskaraz ekimeneko Alex Aginagaldek hitz egin dute. Gogorarazi dutenez, Euskara Aurrera egitasmoa aurkeztean adierazi zuten asmoa ez zela ekimena soilik beraiena izatea, baizik eta “sustatzaileak” zirela eta dinamika bere egin nahi zuen orori irekia zegoela. “Etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiena: euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena, etorkizunean ikasteko urratsa emango dutenena”, adierazi dute.

Ildo horretan, eskerrak eman dizkiete proposamenarekin bat egin zuten eta Donostian bildu ziren milaka eragile nahiz norbanakoei. “Jaso dugun harrera ona baino hobea izan da kasu guztietan. Erantzuna izugarri ona izan da. Guztion artean egin dugu dinamika hau zabal eta eder. Guztion artean egin dugu urrats erraldoi hau. Eskerrik asko, beraz. Mila esker modu batean edo bestean ekimen honekin bat egin duzuen guztioi”, esan dute.

Bestalde, azaldu dutenez, azken asteetan behin baino gehiagotan esan dute euskarak eta euskaldunok bizi duten egoerarekin “kezkatuak” daudela. Kezka “blokeatzailea” izan daitekeela ohartarazi dute, “etsitzera daraman kezka”, hain zuzen, baina, gaineratu dutenez, “guk dugun kezka, kezka sortzailea da, egoeraren jakitun izan eta aurrera bultzatzera garamatzana”.

Zenbakietatik harago, deialdiak “kuantifikagarria ez den beste lorpen bat” ere izan duela nabarmendu dute, “euskalgintzan eta jendartean poza eta ilusioa piztea”, alegia. “Hilabete lehenago Korrikak egin bezala euskalduntzean aurrera urratsak egiteko herri gogo bat badela eta energia berrituz taupaka ari dela sumatu dugu. Larunbatekoak indarra eman zigun euskaltzale guztioi. Indarberrituta gaude. Eta esan dezakegu prest gaudela Euskal Herriaren euskalduntzean jauzi indartsu bat egiteko”, ziurtatu dute.

Bada, ekimenaren ordezkarien ustez, jauzi horrek bi gauza eskatzen ditu nagusiki. Alde batetik, euskararen aldeko “herri olatu berri bat” behar dela esan dute, eta hori dela, hain zuzen, dinamikarekin egin nahi izan duten dei nagusia. “Egin dezagun urrats bat aurrera, bakoitzak beretik, eta bere neurrian har dezagun euskalduntzean dugun konpromisoa, eta altxa dezagun euskararen aldeko herri olatu berri eta berritu bat. Azken asteetakoa abiapuntua besterik ez da izan. Bagarela eta bagoazela esateko lehen urratsa”, adierazi dute.

HIZKUNTZA POLITIKAK

Bestalde, euskararen lurralde osoan hizkuntza politika berriak behar direla nabarmendu dute, “euskararen biziberritzearena ez baita norbanakoon auzi partikularra”. Ekimeneko kideen iritziz, euskaraz bizi eta aritu ahal izatea ez da euskaraz bizi eta aritu nahi dutenen borondate hutsez gertatuko, horretarako “baldintzak” sortu egin behar baitira.

Horrela, ziurtatu dute euskararen biziberritzeak “egiturazko neurriak” eskatzen dituela “hemen eta orain”. “Administrazio publikoek beraien ardurak har ditzaten eskatzen du. Egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jarri behar dira. Horregatik, euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten”, azaldu dute.

“URRATS ERRALDOIA”

Azkenik, adierazi dute “oso pozik” daudela dinamikak izandako harrerarekin: “Urrats erraldoi bat egiteko gonbidapena egin genuen eta egin dugula uste dugu”. Edonola ere, ziurtatu dute ez datozela “inor ordezkatzera”, eta beren arduraren partea bere egin eta euskalduntzean urrats berriak egin daitezen lanean jarraituko dutela, “dinamika hau egun bateko lorea izan ez dadin”. “Orain arte egin dugun bezala, elkarlanean eta lankidetzan. Bakarka ezinezko delako. Elkarrekin soilik lor dezakegulako”, gaineratu dute.